Martxoaren 31 gogoan. Jose Antonio Olea Garaita eta Alberto Barreña Elizegi

Jose Antonio Olea garaita eta Alberto Barreña Elizegi 1937ko martxoaren 31ko bonbardaketaren lekuko zuzenak izan ziren. Kalebarrikoak ziren biak eta egun hartan zoritxarrak oso modu ezberdinetan kolpatu zituen. Jose Antoniok bi anaia eta aitite galdu zituen bonbardaketan. Albertok egun hartan bertan ez baina aurrerago anaia baten desagaertzeak dakarren zama eroan behar izango zuen bizkar gaiean. 

Bereziki azpimarratzekoa da biek ala biek bonbardaketaz eta haren ondorioez hitz egiteko beti izan duten prestutasuna eta belaunaldi berriei transmititzeko gogoa.

2016ko otsailean hil zen Jose Antonio eta 2017ko urtarrilean Alberto.

 

JOSE ANTONIO sei urteko mutikoa zen 1937ko martxoko goiz hartan. Kalebarrian bizi zen. Gosaldu eta etxe ondoan zegoen Martzialen aroztegira jo zuen. Minutu batzuk beranduago jaitsi izan balitz, beharbada, ez zuen egun hartako bonbardaketaz ezer kontatzerik izango. Etxean jausitako bonbat batek Daniel eta Balasai anaiak eta Antolin aittite hil zizkion.

ALBERTOk hamabi urte zeuzkan bonbardaketaren egunean. Familia ugari bateko kidea izanda zortekotzat zuen bere burua egun hartan etxekoen artetik inor hil ez ziotelako. Edozelan ere, Albertoren memorian betirako grabatuta geratu ziren egun hartan gertatu eta ikusitakoak. Lagunak, ezagunak, auzoak… Hil ziren askok eta askok izen eta abizenak zituzten Albertorentzat.

 

 

Kantatzen ez duen herria herri hila da

Gorago aipatu dugun bezala bai Jose Antonio eta bai Alberto beti egon ziren gertatutakoaren memoria gal ez zedin lan egiteko prest. 2009an, Iban Gorriti musikari eta sortzaile durangarrak proposatuta bonbardaketari buruzko ikusentzunezko lan batean parte hartu zuten biek Jesus Morenorekin (bonbardaketaren beste lekuko bat) batera.