Iritzia M31ko bonbardaketaren aurkako auzi-jartzearen behin-behineko artxibatxeaz

Durangoko Alkateak, Durangoko alderdi politikoekin eta hainbat elkarterekin adostuta, kereila jarri zuen Durangoko epaitegian 2017ko uztailaren 18an bonbardaketak egin zituzten pilotu eta abiadore italiarren aurka.

2018ko urtarrileko 11ko dataz Durangoko epaitegiko epaileak auzi-jartzearen behin-behineko artxibatzea erabaki du, horretarako jarraian azaltzen dituen argudioak erakutsiz.

 

Epaileak zera dio: ‘nuestro ordenamiento procesal distingue dos formas de sobreseimiento… otro (el segundo), el provisional, que corresponde al supuesto en el de que la instrucción practicada no resulten esclarecidos los hechos hasta el punto de poder afirmar que son o no delictivos. En los presentes autos nos encontramos ante el segundo supuesto respecto de los hechos denunciado’ (sic). Eta horrela jarraitzen du: ‘no cabe en nuestro proceso penal llevar a cabo una investigación general, sin partir de hechos concretos penalmente relevantes y de personas a las que pudieran atribuirse dichos hechos… Es preciso un hecho con apariencia de delito y un posible imputado vivo’.

 

Une honetan geure buruari zertaz ari garen galdetu behar diogu. Ez al dira gertaera zehatzak eta kondenagarriak salatu? Zer ulertu behar dugu, ez dagoela argi salaketan adierazten dena gertatu zela? Ez ote zen, beraz, Durango bonbardeatua izan 1937ko martxoaren 31n? Ez al dira egileak identifikatu? Pilotu eta abiadoreen zerrenda aurkeztu zen auzi-jartzean, izen-abizenekin. Nondik aterata? Hegazkinetako egunerokoetatik, non bonbardeoak egin zituztela idatzita dagoen. Kasuren batean bonbardeoaren beraren argazkiak ere atera zituzten, gainera.

 

Epaileak horrela jarraitzen du: el listado de la autoría de los hechos obedecen (sic) a indicios o datos difusos que no pueden contextualizarse con toda seguridad en la realidad fáctica… no resulta determinando (sic) que fueran dichas personas y no otras las que participaron en los días concretos en los que se produjeron los bombardeos objetos de autos’.

 

Puntu honetara helduta, ez dugu ezer ulertzen. Nork frogatu behar du, salatzaileak ala epaileak? Ez ei dago susmorik egiletzat salatutakoak benetan egileak izan zirenik. Ez al da hori epaileak ikertu eta baietsi edo ezetzi beharko lukeena salaketa baten aurrean? Salatzaileak dena frogatu behar badu, zertarako dugu justizia-sistema?

 

Salatzaileak frogatu behar ei du salatuak bizirik dauden. Harrigarria! Hilketa edo bortxaketa baten aurrean ere hilketa edo bortxaketa salatzen duenak frogatu behar du ustezko hiltzailea edo bortxatzailea bizirik dagoela? Ez dugu ulertzen zertarako ditugun epaileak.

 

Durangoko Alkateak helegitea jartzea erabaki du, eta aurrera jarraituko du salaketarekin.

Durango 1936 Elkarteari zera begitantzen zaio, laburtuta: epaileak agertutako argudioak hitz teknikoz ondo apaindutako aitzakia-bilduma dela eta benetako arrazoiak salaketa artxibatzeko beste batzuk direla, durangar guztiok zein diren ederto dakizkigunak.

 

Egia, justizia eta ordaina. Ez gaituzte isilaraziko!

 

 

 

Durango 1936 Kultur Elkartea