Kafesneak heriotzatik salbatu zuen emakumea

Monika Uribarrena zuen izena eta Oromiñokoa zen, Herreruena esaten zioten baserrikoa. Jose Martin Erdoiza senarrarekin batera Durangoko Batzokiko tabernaren ardura zeroan. Biztanlegoaren aurkako bonbardaketa batean hilik ala bizirik suertatzea zori kontua bada berez, zorionekoa izan goiz hartan Monika Uribarrena: kafesne batek salbatu zuen heriotzatik.

1937ko martxo akaberako hura Pazko mezetako garaia zen, urteko mezarik garrantzitsuenetakoak fededunentzat. Silvestra Zugaza-Artaza maistra oromiñarra lagun mina zuen Monikak. Martxoaren 31ko goiz hartan, Oromiñotik abarketekin oinez etorri eta Batzokira joan Silvestra Monika lagunarengana, oinetakoak aldatu eta harekin batera mezatara joateko. Mezan jauna hartzeko ezinbesteko baldintza zen, ordea, baraurik joatea eta, nonbait, Monikak Jose Martin senarrari goizean prestatu zion kafesnea dastatua zuen ordurako azukrerik bota zion jakiteko.

Monika Uribarrena ez zen Andra Mariako meza entzutera joan Silvestra Zugaza-Artazarekin. Silvestra, basilikan meza entzuten zeuden beste asko legez, bertan hil zen abiazio faxistaren bonbek eliza txikitu zutenean.

Larogetazak urtea hartu zituen Monika Uribarrenak. Kafesne batek libratu zuen martxoaren 31ko goiz hartan bonbapean hiltzetik, ez ordea gerraren bestelako makurretatik: ebakuazioa, erbestealdia Frantzian, senarra hiru urtez exilioan eta sei seme-alaba aurrera atera beharra… Josten zeukan trebetasunak luzatu zuen gazterik etetekotan egon zen bizitza baten haria.

Hemen Monika Uribarrenaz eta haren familiari buruzko pasarte gehiago Begoñe Andone Erdoiza Uribarrena alabaren ahotan.