Nicolas Itxaso Orobiourrutia: erbestean hil zen palista abadiñarra

Nicolas Itxaso Orobiourrutia abadiñarra palista profesionala zen. Bilboko Euskalduna frontoian hasi zuen profesional ibilibidea 1932an. Bolada batez Madrilen aritu ostean, Bartzelonako Novedades frontoian ari zen altxamendu faxista gertatu zenean. 1937ko irailean jokatu zuen azkeneko partida palista profesional legez.

Bartzelona faxisten esku erortzear zela mugaz beste aldera pasatu zen Nicolas beste herritar asko legez. Frantziako gobernuak gerratik ihes zetozenentzat ganora barik atondutako errefuxiatu eremuetako batean, Saint Cyprienekoan, sartu zuten. Han gaixotu eta Perpignaneko ospitale batean hil zen 1939.eko martxoaren 16an.

NICOLAS ITXASO OROBIOURRUTIAren gurasoak, Ziriako eta Demetria, errotariak ziren eta horregatik jaio zen Nicolas Berrizen 1910eko urriaren 10ean, Zubigain errotan. Urte bi baino ez zituela gurasoak Abadiñoko eliza ondoko errotara joan ziren bizibidea irabaztera eta bertan bizi izan zen Nicolas umezaro eta gaztaro guztian.

Abadetzarako ikasketak egin zituen seminarioan luzaro. Handik irten eta, lehenago ere esku-pilotan trebea izanik, palaz entseatzen hasi zen Bilboko Euskalduna frontoian. Bertan debutatu zuen profesional legez 1932ko abuztuaren 29 batez.

Bilbo-Madril-Bartzelona

Bilbotik Madrilera jo zuen bere palista bideak. Han pare bat urte egin ostean Bartzelonako Novedades frontoiko koadroa osatzera joan zen. Abadiano izenarekin jokatu ohi zuen. Han ziren beste palista abadiñar batzuk ere, Josetxo Agirre Urizar eta Epifanio eta Manuel Bildosola anaiak, adibidez.

1936ko altxamendu faxistaren ostean, beste urtebetez behintzat zabalik iraun zuen Bartzelonako Novedades frontoiak. 1937ko irailaren 24an jokatu zuen bertan azkenekoz Nicolas Itxaso Orobiourrutiak.

Saint Cyprieneko errefuxiatu zelaia

Katalunia faxisten esku jaustear zela, mugaz bestaldera pasa eta, han, Frantziako gobernuak Saint Cyprieneko errefuxiatu zelaian sartu zuen faxistengadik ihesi zihoazen beste milaka herritarrekin egin zuen bezala. Etxera idatzitako gutun bakanetan adierazi ei zuen bizi baldintzak nahiko kaskarrak zirela, ura zela bereziki txarra.

Saint Cyprienen gaixotu eta Perpignaneko Ancien Hospital Militairean hil zen 1939ko martxoaren 17an. Heriotza sukar tifoideoek eragin ziotela jakinarazi zioten familiari. Nicolas Itxaso Orobiourrutiaren gorpua han bertan ehortzi zuten.

Nicolas Itxaso Orobiourrutia (ezkerrean) eta Josetxo Agirre palistak Bartzelonan 1936an.