AGUSTIN ESKUBI URTIAGAren umezaroko Durangoren akorduak atseginak dira. Familia ugari batean munduratuta, aita eta anaia nagusia behinik behin, kontzientzia politiko handiko erreferentziak zituen. Aita, Nikolas Eskubi eta anaia zaharrena, Juan Eskubi Urtiaga, ANV-EAEko kideak ziren eta anaia Juan STV sindikatuko kidea ere bai. Horregatik, Agustinek ondo gogoan ditu, adibidez, 1934ko urriko iraultza zela-eta Durangon egin ziren grebak eta bizi izan zen giroa.

Altxamendu faxista eta gerrak urten

Hamalau urte zituen Agustinek militar faxistak altxatu ziren 1936ko uztail hartan. Laster iritsi ziren gudari eta milizano batailoiak Durangora eta, zelanbait esanda, Durango militaritzatutako herria bihurtu zen. Bestalde, Durangon karlista asko zegoela gogoratzen du Agustinek eta tentsio handiko giroa bizi zela. Haren ustetan gauza jakina baitzen altxamenduaren aurretik karlistak erasorako taldeak antolatzen eta trebatzen ari zirela.

Ezkurdiko bonbardaketa eta kartzelako asaltoa

1936ko irailaren 25ean abiazio faxistako bi hegazkinek hainbat bonbat jaurti zituzten Ezkurdiko frontoian hainbat hildako eraginez. Hildako horietarik gehienak Durangon akoartelaturik zeuden milizianoak ziren, frontoian pilotan ari zirenak. Agustinek gogoratzen du milizianook sutan paratu zirela eta Durangoko kartzelara abiatu zirela mendeku egarriz. Bertan atxiloturik zeuden Durangoko tradizionalistak kartzelatik atera gura zituzten.

Agustin gertaeron lekuko izan zen eta ziztuan abiatu ei zen Anaia Juan eta ordena publikoko arduradunak egon ohi ziren bulegoetara, Ampueroren etxera (gaur egungo Gran Hotela). Haiek kartzelako atarira iritsi zirenerako giroa gori-gori ei zegoen. Agustinek kontatzen du zelan anaia eta beste zenbait saiatu ziren milizianook baretzen baina tiro egiteko mehatxupean, ezinezkoa suertatu zitzaien. Preso tradizionalistak Durangoko hilerrira eroan eta bertan fusilatu zituzten. Agustin hilerriko horma gainera igota gertatutakoaren lekuko izan zen. Ez dauka ahazteko anaia Juan luzaroan egon zela gertatutakoagatik amorratuta.

1937ko martxoaren 31ko bonbardaketa, ebakuazioa eta txokolatea

Martxoaren 31ko hartan, sirena hotsa aditu eta hegazkinak gainean izatea tarte laburreko kontua da Agustinen akorduan. Irribarrez gogoratzen du Konbentukaleko ikaztegi batean ezkutatu eta beltz-beltz eginda atera zela bertatik bonba-hotsa isildu zenean. Durango  aurkitu zuen herio eta txikizio paisaia izugarria ei zen.

Zaurituak ebakuatzeko lanetan laguntzen aritu zen Agustin. Zornotzara bidean automobil batean zaurituak eroaten ari zirela ametrallamenduengatik dozena bat aldiz geratu behar izan zutenekoa gogoan iltzatu zitzaion. Hildakoak ehortzi eta zaurituak artatu ostean, Durango ebakuatzeko garaia iritsi zen.

Durangon apenas geratzen zen jenderik eta anaiak Bilborantz joateko agindu zion Agustini ordurako han baitzen familia guztia. Hamabost urte betetzeko zegoen mutil hark ostera, gerraren izugarrikeriaz inguratuta ere, bazuen burutik kendu ezin zuen zerbait. Bazegoen txokolate denda bat eta bertan obsesio bihurtu zitzaion txokolate puska handi bat. Durango oraindik lantzena behingo bonbardaketa eta ametrallamenduen menpe bazegoen ere, dendatik pasa, txokolate zatia motxilan sartu ta orduan abiatu zen Agustin, oinez, Bilborantz.

Bilbotik Liverpoolera

Agustin Bilbora iritsi zenerako han ere egoera ez zen batere gozoa. Juan Eskubi anaiak antolatu zuen familiaren ebakuazioa eta Agustin eta anaia Nikolasen destinua Ingalaterra izan zen. Udaberri hartan, Habana itsasuntzian, beste lau mila umerekin batera, Ingalaterrarantz abiatu zen, artean ez zekiela urteak igaroko zirela berriz itzultzerako.

Ingalaterrara irisi zirenean haurrak eta haien arduradunak kanpamentu batean izan zituzten hasieran, kanpin dendetan. Gero, Agustin Liverpoolera bidali zuten. Denbora igaro zen Agustinek gainerako etxekoen berririk izan barik. Eusko Jaurlaritzaren bitartez jakin zuen, halako batean, ama Frantzian zegoela eta, harekin kontaktuan jarrita, aita Burgosko kartzelan preso zegoela jakin zuen.

Juan Eskubi anaiaren fusilamenduaren berri, ostera, erizain euskaldun batek bidalitako gutun baten bitartez jaso zuen. Kolpea izugarria izan zen berak ez baitzekien anaia kartzelan zegoenik ere.

Agustin Eskubi Urtiaga hamabost urterekin iritsi zen Ingalaterrara eta luzaroan ezin izan zuen bere sorterrira itzuli. Geroztik bere bizialdia Ingalaterran egin zuen.