EPIFANIO OSORO IKOBALTZETA Durangon jaio zen 1913an, Artekalen.


Gaztetan, 18 urte zituela, hainbat lagunekin batera atxilotu zuten Durangon, 1932an, talde anarkista bateko batzarrean parte hartzearren eta ideologia anarkistaren aldeko orriak herrian banatzearren, garaiko Durangoko Alkateak sinatutako agiriaren arabera. Bera eta atxilotutako lagunak torturatuak izan ziren. Berarekin batera atxilotutakoak eta torturatuak Mauricio Aizpurua, Jose Maria Larrinaga, Nicolas Barreña, Isidro Etxaburu, Francisco Raposo, Juan Ibarra eta Balbino Morado izan ziren, besteak beste. Epaileak errugabetu egin zituen arren (1933-09-06), ordutik aurrera ez zen lasaitasunik izango Epifanioaren bizitzan.


Gaztetatik aritu zen Durangoko mugimendu anarkistan. Hainbat aldiz atxilotu zuten anarkismoaren ildoko ekintza politikoak egin zituelakoan. Soldadutza egitera ukatu egin zen, eta horregatik ere bilatu zuten atxilotzeko aginduaz.
1936an, Errepublika aldarrikatu zenean, preso zegoen, eta altxamendu faxista gauzatu zenean Iruñeko Ezkabamendiko presondegian zegoen, beste zenbait ekintzaile anarkistarekin batera.


Uztailean bertan lagunekin batera ihes egiten ahalegindu zen, antza, baina porrot egin zuten. Horregatik, bere ideologiagatik, eta hiltzaileen ankerkeriagatik 1936ko azaroaren 1ean fusilatu zuten Ezkabamendin, inolako epaiketa egin barik.


Epifanio Osoro gure aita eta osaben laguna izan zen gaztetan, bereziki 1937an desagerrarazi zuten Nikolas osabarena. Baina Epi gazte-gaztetatik ezagutu dut, nire aitaren eta osaben kontakizunen bidez.


Gogoan dut 11 urte inguru nituela aitak Iruñera eroan ninduela, eta heltzear geundela, Ezkabamendia seinalatuz, zera esan zidala: "Hor nire anaiaren eta nire lagun bat hil zuten faxistek askatasunaren aldeko ekintzailea zelako". Nire aitak eta osabek Epiren bizitzaren hainbat kontakizun oparitu dizkidate eta bere oroimena gordetzeko ere eskatu didate. Sarri esaten zidaten Epi Durangoko lehen intsumisioa izan zela, soldadutzara joateari uko egin ziolako.


Agur eta ohore Epifanio Osoro Ikobaltzetari, 23 urte zituela faxistek fusilatu zuten durangar iraultzaileari!


Testua: Andoni Barreña