Esteban Nicolas Barreña Elizegi Errenterian jaio zen, baina umetan etorri zen bere senideekin Durangora bizi izaten, Kalebarrira.


Gaztetan, 19 urte zituela, 1932an, hainbat lagunekin batera atxilotu zuten Durangon, talde anarkista bateko batzarrean parte hartze arren eta ideologia anarkistaren aldeko orriak herrian banatze arren, garaiko Durangoko Alkateak sinatutako agiriaren arabera. Bera eta atxilotutako lagunak torturatuak izan ziren. Berarekin batera atxilotutakoak eta torturatuak Mauricio Aizpurua, Jose Maria Larrinaga, Epifanio Osoro, Isidro Etxaburu, Francisco Raposo, Juan Ibarra eta Balbino Morado izan ziren, besteak beste. Epaileak errugabetu egin zituen arren (1933-09-06), ordutik aurrera ez zen lasaitasunik izango gure osabaren bizitzan.


Gaztetatik aritu zen Durangoko mugimendu anarkistan. 1934an Ignacio Rojo Durangoko Udaltzainburuaren hilketa leporatu zieten gure osabari eta Mauricio Aizpuruari eta, haatik, gure osabak alde egin behar izan zuen Durangotik. Gero, frankismoaren garaian, 1942an Mauricio Aizpurua epaitu zutenean errugabetu egin zuten hilketa honetaz. Gure osaba, desagerrarazita zegoenez, errebeldetzat hartu zuten epaiketara ez aurkezteagatik. Halere, osabak beti adierazi zien senideei errugabeak zirela.


Altxamendu faxista gauzatu zenean, Iruneko defentsan jardun zuen euskal miliziekin. Berehala Maletasta Batailoian hartuko zuen parte, Mauricio Aizpurua Iribar eta Justo Raposo Longarte lagun durangarrekin batera. Frentean han eta hemen jardun ondoren, 1937an sarjentoa izan zen Batallón de Infanteria II 4ª Brigada delakoan.


Santanderreko portuan senideak (ama eta neba-arrebak) Frantziara ontziratu aurretik agurtzera joan zenean ikusi zuten azkenekoz etxekoek. Laster, preso hartu zuten faxistek Santanderren. 1937ko irailaren 5ean eskutitza idatzi zion amaren izebari, Guadalupe Iraolari, bere egoeraren larritasuna adieraziz. Horixe da senideek daukagun azken berria.


Ondoren, Condor Legioarentzako abiazio eremu bat egiten jardun zuen, presoak erabiltzen baitzituzten  halako lanetarako. Sardineroko kontzentrazio esparrutik egunero eroaten zituzten presoak Pontejoseko abiazio eremua eraikitzera, baina, antza denez, alde egin zuen beste zenbait presorekin batera. Horrelaxe diote kontzentrazio esparruko agintariek behintzat, 1937ko urriaren 13an. Urriaren 11tik zeinbat preso falta ei da, baina 13an ematen dute berria. Horien artean ei zegoen  gure osaba. Hogeita lau urte zituen.


Gure osaba desagerrarazitako bat da, faxistek desagerrarazitakoa, alegia. Egundo ez dugu jakin noiz, non edo nork hil zuen. Egundo ez da inor non dagoen lurperatuta jakinaraztera hurreratu senideengana. Makina bat ahalegin egin zuten gure aitita-amamek bere berri izateko eta, gero, gure osaba-izebek, baina ez dugu ezer jakiterik lortu. Zama latza izan da senideentzat, eta oraindik halaxe da gu guztiontzat.


Agur eta ohore osaba, inoiz ikusi barik ezagutu eta maitatu dugun osaba!


Andoni eta Loli Barreña