Inguruotan izan ziren ia frente guztietan burrukatu zuen Pacok: Markina, Legutio, Intxorta, Lemoatx…Santanderren hartu zuten preso 1937ko abuztu amaieran. Santoñako Fuertean izan zuten hasieran eta handik Miranda de Ebroko kontzentrazio esparrura eroan zuten hainbat Batailoi Disziplinariotara (langile behartuak) bidaltzeko: Espinosa de los Monteros, Sondika, Irurita, Afrika… Gorriak eta bi pairatu zituen frankistentzako esklabo lanetan. 1942an zigorra beteta libre utzi eta Durangora itzuli ahal izan zuen.

Barreñatarren familiak bete-betean jasan zituen gerrako galtzaile izatearen ondorioak. Batzuk exilioa eta beste batzuk kartzela ezagutu zuten. Pacoren anaia Esteban Nikolas Barreña Elizagi burrukalari anarkista berriz betirako desagertu zen 1937ko urrian Santanderren.