Jacinto Garcia Alonso
Jacinto Garcia Alonso Bilbon jaio zen. Trenbideetako langilea zen gerra aurretik eta halaxe ezagutu zuen bere emazte izango zena, Ramona Marmol Bereziartua, haren familiak Maltzagako geltokiko estankoaren ardura baitzeukan. Bikotea Durangora mudatu eta bertan ezkondu zen 1937ko martxoaren 27an, uria bonbardatu baino lau egun lehenago. Sei seme-alaba izango zituzten gerora.
Jacinto sozialista zen eta altxamendu frankista eman zen une beretik Errepublikaren defentsarako aurkeztu zuen bere burua. Amuategi batailoiarekin borrokatu zen faxisten kontra, Irunen hasi eta Eibar, Karakate, Kalamua eta hainbat frentetatik igaroz.
Santoñan atxilotu zuten soldadu italiarrek eta bertan kartzelaratu zuten. Santoñan urtebete inguru egin eta Puerto de Santa Mariako espetxera bidali zuten. 1940an askatu zuten.
Kartzelatik irten eta hainbat tokitan aritu zen lanean: Fundiciones Aurrera (Bilbo), Calzados Berrio (Durango) eta Orbean non klandestinoki propaganda sozialista zabaltzen jarraitu zuen.
1943an berriro espetxeratu zuten. Urtebeteko zigorra bete zuen Larrinagako espetxean.