JOSE MARIA ANGULO ARROITAJAUREGI Abadiñon bizi zen 1936ko uztailean altxamendu faxista gertatu zenean eta bertako EAJko kidea zen. 35 urte zituen, ezkondua zen eta lau seme-alaben aita. Abadiñoko Defentsa Batzordeko kidea izan zen. Faxistek herria hartutakoan, abadiñar baten salaketagatik atxilotu eta kartzelaratu egin zuten.

Bilboko Larrinagako kartzelan izan zuten preso eta handik familiari idatzitako gutunetan zioenez, bere delitu bakarra Abadiñoko herriaren alde lan egin izana zen. Ez zion hala iritzi botere faxista ezarri berriak eta Audientzia Militarrean epaiketa sumarisimoa egin ondoren heriotza zigorra ezari zioten. Besteak beste ondorengoak leporatzen zizkioten: "...nacionalista y destacado dirigente del Batzoki o circulo nacionalista de la localidad de su residencia y Secretario del Comité Local desde cuyos cargos cooperó activamente para los fines del separatismo y en forma anti-española."

Derioko hilerrian fusilatu zuten1937ko abuztuaren 5ean.

Jose Maria Anguloren gorpua hobi komun batean ehortzi zuten arren, haren aitaginarrebak, Federico Torrontegik, fusilamenduen jakitun, gorpua bertatik atera eta Angulotarrek Derion bertan zeukaten panteoian sartu zuen. Urteetara, bere emazteak hala eskatuta, Jose Maria Anguloren gorpuzkiak Durangoko hilerrira aldatu zituzten.

Urte hauetan guztiotan Jose Maria Angulo Arroitajauregik ez du ezelako aitortzarik jaso Abadiñon.