Ferrokarrileko langilea zen Durangon. Vicenta Garnikarekin ezkonduta, bost seme-alabaren aita zen. Biek lantegian hiru txandatan lan egiten zutenez, etxeko eta umeen ardura bien artean banatzen zituzten. EAJko kidea hasieran, ANVko kide egin zen haren sorrereaz gero.

Ez zuen gerran parterik hartu, trenbidean lanean jarraitu zuelako. Horri esker, andrea eta bost seme-alabak Bilbora ebakuatu ahal izan zituen eta Atxuriko geltokiko zein Deustuko Unibertsitateko zoruan lo egin ahal izan zuten Durango bonbardatu zutenean. Bilbotik Santanderrera bidali zuen gero familia, handik itsasontziz Frantziara hel zitezen. Berak berriz, Tarragonarako bidea egin zuen trenez.

Faxistak Catalunya hartzear zeudela, Frantziara ihes egitea lortu zuen. Hiru urte eman zituen Argèles-Sur-Mer kontzentrazio esparruan. Etxean hildakotzat jo zutela aurreikusita, Gurutze Gorriaren bitartez gutuna bidali zien, izen faltsu-neutroarekin ("Severino González"). Patxi Gorosarri aitak haren idazkera ezagutu eta bizirik zegoela asmatu zuten.

Euskal Herriratzean, faxistek zekartzaten presoen trena Durangon bost minutuz geratu zen. Orduan hamaika urteko alaba ikusi ahal izan zuen. Alaba, eskolara joan beharrean, umeak zaintzera behartuta zegoenez, arratsaldero tren geltokira joaten zen, egunero pasatzen ziren presoen trenen batean bere aita ekarriko zutelakoan. Hasieran ez zuen, txima luze eta bizar sarri haren atzean triste begiratzen zion gizona ezagutu, hark negar egin arte eta geltokiko lankideek tabakoa eskaini zioten arte. Errepresalien beldur, Bilbon bizi izan zen koinatarenean denboraldi batez.

Espetxe zigorrik ez zuen jaso baina, hala ere, urtebetez lanik ez izatera behartu zuten. Sasoi hartan, emaztea (Vicenta Garnika Laserna) espetxean zuen eta hiru alaba nagusiak lanean ari ziren (15, 14 eta 11 urtekoak) eta seme-alaba txikiak Auxilio Social-ek hezi zituen (8 eta 5 urtekoak).