PATXI RAPOSO LONGARTE Durangon jaio zen. Bera eta Emeterio eta Herminio bere anaiak ezkerreko mugimenduetan jardun zuten II. Errepublikaren garaian eta gogor ordaindu zuten gerran eta gerra-ostean.


Patxi Raposo hainbat lagunekin batera atxilotu zuten Durangon 1932.an, talde anarkista bateko batzarrean parte hartzearren eta ideologia anarkistaren aldeko orriak herrian banatzearren, garaiko Durangoko Alkateak sinatutako agiriaren arabera. Patxi eta atxilotutako lagunak torturatuak izan ziren. Orduan 19 urte besterik ez zuen. Patxi Raposorekin batera atxilotutakoak eta torturatuak Mauricio Aizpurua, Jose Maria Larrinaga, Epifanio Osoro, Isidro Etxaburu, Esteban Nikolas Barreña, Juan Ibarra eta Balbino Morado izan ziren, besteak beste. Epaileak errugabetu egin zituen arren (1933-09-06). Ordutik aurrera ez zen lasaitasunik izango Patxi Raposoren egunerokoan.


Errepublika-garaian ekintzaile anarkista izan zen, eta CNTeko kidea. Altxamendu faxista gauzatu zenean, Malatesta batailoian ibili zen Mauricio Aizpurua Iribar eta Esteban Nikolas Barreña Elizegi burkideekin batera. Frentean han eta hemen borrokatu eta gero, Asturiasen fusilatu zuten.


Herminio bere anaiak kontatzen zuen legez, bera eta Patxi preso hartu zituzten Tercio de Requetes Virgen de Begoñakoek eta zenbait durangar faxistek biak ezagutu eta gero, Herminio espetxean utzi zuten eta Patxi hilerrira eroan eta bertan hil. Herminiori euren identifikazioa ikusi zuen 14 urteko mutil batek eman zion hilketaren berri, al que detuvieron ayer contigo lo llevaron al cementerio y lo fusilaron. "Nire anaia da" erantzun ei zion.


Bestalde, Antonio Barreña Elizegi, nire aitak, zera kontatzen zuen sarri. Gerra-ostean, berak 19 urte zituela Durangoko taberna batera sartu zela eta bertan erdi-mozkorturik eta jokoan ari ziren 6 durangar faxista ikusi zituela. Bera ikustean ozen hasi ziren hitz egiten eta burla eta trufa artean Asturiasen Patxi Raposo zelan identifikatu eta hil zuten kontatzeari ekin ziotela, berak entzuteko moduan. Nonbait, hiltzeko zirenean begiak estali nahi izan zizkioten, baina Patxik begirik ez estaltzeko eskatu ei zien, aurpegira begiratu nahi zielako bere hiltzaileei. Barrezka imitatzen zuten Patxik askatasunaren eta anarkiaren alde fusilatzen ari ziren bitartean jaurtitako oihuak.


Nik ez dut lortu Patxi Raposo lurperatu non dagoen jakiterik, Asturiasen zein herritan hil zuten, alegia. Hitz hauen bidez gorazarrea eskaini nahi diot durangar iraultzaile honi.


Testua: Andoni Barreña