IURRETAN jaio zen Sebastian Erdoiza Jaio 1916.eko maiatzaren 11an. Bizkaitarrak ei ziren etxean. Maristetan ikasi beharrekoak ikasi eta hamalau urtegaz lanean hasi zen. Hamabost baino ez zituen ama galdu zuenean, Tabirako okindegi batean okin zebilen ordurako.

Okindegitik altxatu zuten kinto hogei urte zituela. Kirikiño batailoian sartu eta Elgetara joan zen. Intxortako frentean hasi eta, etenik barik atzera eginez, Sudupen atxilotu zutenekoa gogoan du Sebastianek.

Trabajadoreen 15 batailoian

Preso hartu eta Miranda de Ebrora eroan zituzten lehenik. Handik Iruñeko Guardia de Asaltoren koartelera. Nafarroako hiruburuan pare bat hilabete eman ostean atzera era Miranda de Ebrora eroan zuten eta han osatu zen Trabajadoreen 15 batailoia. Batailoi horretan hiru bat urte egin zituen Sebastianek behartutako lanetan eta baldintza latzetan: Karrantza, Asturias, Huesca… 37ko kinta lizentziatu zutenean etxera bidali zuten Sebastian.

Trabajadoreen 38 batailoian

Ez zuen etxean denbora egiteko astirik izan Sebastian Erdoizak. Berriz ere Trabajadoreetako batailoietara deitu zuten eta 38 batailoia osatuta Erronkarira bidali. Hango bizimodu gogorra, zigor bortitzak eta bizi baldintza eskasak gogoan iltzatuak geratu zitzaizkion Sebastiani.

Larrinagako kartzelara

Izurtzako palazioko Salasen bitartekaritzari esker atera ahal izan zuen Sebastianek Erronkariko trabajadoreen batailoitik. Hala ere, etxean tarte labur bat egin ostean, berriz atxilotu eta Larrinagako kartzelara eroan zuten. Zortzi hilabete beteko zituen han. Urteterakoan erabakita zeukan ez zutela berriro harrapatuko eta inori ezer esan barik mugaz bestaldera egin zuen ihes.

Ipar Euskal Herrian egon zen bolada labur batez baina lanak bultzatuta Frantziako hamaika bazter ezagutu zituen. Frantziako paperak lortu zituenean Luzenac-en hasi zen beharrean, Polvos Talcoren fabrikan.

40 urterekin itzulera

Espainiako kontsulatura pasaporte eske jo zuenean berrogei urte bete arte ez ziotela emango esan zioten. Mugan 200 pezetako isuna ordainduta itzuli zen Sebastian Erdoiza etxera.