Haron (Errioxa) jaioa. Erditzean ama hil zitzaion eta handik hiru urtera, aita berriro ezkondu zenean, Vicenta Durangora ekarri zuten, izeko batekin bizitzera. Juan Gorosarrirekin 1920an ezkondu eta bost seme-alaba izan zituzten: Miren, Lourdes, Edurne, Pablo eta Garbiñe. Mendizabalen hiru txandatan lan egiten zuen, etxeko eta umeen ardura bikotekide bien artean banatzen zutela.


Errepublikarekin batera, mitinetara joaten hasi zen eta, 1931n boto eskubidea onartuta, 1932an Euskal Estatutua onartzeko emakumeek lehenengoz botoa eman zuten egun historikoan parte hartu zuen. Hurrengo hauteskunde kanpainetan ere parte hartu zuen, Fronte Popularraren aldeko paskinak banatzen Salon Dominical aurrean esaterako. Jarduera politiko horregatik, 1934an salatu zuten lehenengoz auzokide batzuek. Salaketa horren ondorioz Espainiako Guardia de Asaltok etxea miatu zien.


Estatu-kolpeari aurre eginez, faxistek 1936ko irailean Durango lehenengoz bonbardatu zutenetik, Tabirako auzokideek Izurtzako pinudietan ematen zuten eguna. Behin Vicenta umeekin haruntz abiatu zenean, makurtu zen unean, tiro egin zioten inguruko ortueren batetik. Vicentarentzat zen tiroak Jabier Gorosarri loba zauritu zuen.


Durangoko faxistek armak zituztela ikusita, haien zaintza indartu zuten herritarrek. Vicentak Angel Gorosarri koinatuari auzokide faxisten egoeraren berri eman zion, Radio Sevilla entzuten zutelako. Durango bonbardatu ondoren, Bilbora lehenengo eta Santanderrera, gero, Frantziara jo zuen familiak. 1938an Fantziako gobernuak, beste asko legez, Vicenta eta seme-alabak kanporatu zituenean, Durangora itzuli ziren. Orduko hartan, harrika hartu zuten auzokideek. Hori gutxi ez eta Guardia Zibilaren aurrean salatu zuten. 


Espetxeratu eta Oruen (Bilbon) zein Durangon (jaioterria Haro zuelakoan) eduki zuten preso.


Vicentak ez zuen inoiz espetxeaz berbarik egiten. Behin baino ez zuen aipatu txarrena gauez, lagunen bat fusilatzera eroateko zetozelako itzartzea izaten zela.


Espetxeko kideek, azkenean, irakurtzen erakutsi zioten. Izan ere, dokumentu ofizialetan ikusten denez, lehenago ez baitzekien bere izena idazten eta gerra kontseiluaren epaian bertan hatz-marka utzi behar izan zuen sinadura legez.Espetxealdiaren azken urteak etxean eman behar izan zituen, preso. Gainera, lagunekin harremanik izatea galarazota zeukan. Ordurako, hiru alaba nagusiak lanean zituen (15, 14 eta 11 urtekoak) eta seme-alaba txikien ardua Auxilio Social-ek hartu zuen (8 eta 5 urtekoak).


Frankismo luzean ez zuen amorerik eman eta etxean esaten zuen berak sozialista izaten jarraitzen zuela, gauetan Radio Pirenaica sintonizatu guran, ohean gaixorik eman zituen azken lau urteetan.

Testua: Maria Gonzalez Gorosarri.