OTXANDION jaio zen Vicente Pujaba Galindez, 1902an. Bi urte baino ez zituela aitaren lanagatik Durangora etorri ziren bizitzera, Aterkalera. Aita oso gazterik hil zitzaion eta, anaia nagusia izanik, gazteagoen kargu geratu zen Vicente.

Eibarren sozialista
I. Mundu Gerrak eragindako krisiagatik Eibarrera joan zen lanera, Arma fabrikara eta han egin zuen bat ideia sozialistekin. Hemezortzi urte zituela afiliatu zen bai UGT eta baita PSOEn ere.

1934ko urriko greba
Durangora itzulita, ferrokarrilan egin zuen behar bere militantzia albora utzi barik. 1934ko urriko grebak antolatzea egotzita Guardia Zibilak atxilotu, torturatu eta, ondoren, kartzelaratu egin zuten. Urriko greban Guardia Zibilak Durangon hildako hiru lagunetatik bat, Jose Mari Galindez, lehengusua zuen Vicentek eta kolpe handia izan zen beretzako haren heriotza.

Udaleko langile
Garaitsu horretan udaltzain izateko oposaketak gainditu zituen Durangoko udalean baina ukatu egin zioten bere “iraultzaile ospeagatik”. Geroago berriz deitu eta zelari postua eman zioten hasiera batean eta kartzelako zelariarena beranduago.

Altxamendu faxistaren ostean Durango ebakuatu eta udala zelanbait desegin zenean Rusi Batailoian eman zuen izena eta batailoi horrekin borrokatu zen hainbat frentetan Santanderren preso hartu zuten arte.

Kartzela
Epaiketan Durangoko kartzelaren erasoan parte hartu izana egotzita “Reclusión perpetua” ezarri zioten. Puerto de Santa Mariako kartzelara bidali zuten eta bizi baldintza benetan latzak sufritu zituen bertan. Garaiko baldintzak kontuan hartuta, etxekoen bisitarik barik eta kanporko laguntzarik apenas zuela, kartzelako kideen arteko elkartasunari esker egin zuten aurrera Vicentek Puerto de Santa Mariako kartzelaldian.

“Aske”
1942ko azaroaren 26an atera zen Puerto de Santa Mariako kartzelatik, “ekibokazioz”. Kanpoan zela kartzelaratzeko agindua zekarren agiria jaso zuen baina kartzela bertako langile batek paper hura behin eta berriz atzeratzen zuelako libratu zen berriro ere Puerto de Santa Mariara itzultzeaz. Durangora itzultzea inplizituki debekatua zuenez Bilbon bizi izan zen Vicente ordutik aurrera.

Edozelan ere, kartzelan ez egoteak ez zuen esan gura pertsona askea zenik. Urteetan egunero joan behar izaten zuen autoritateen aurrera sinatzera. Sinatu behar hori hirurogeigarren hamarkadara arte luzatu zen.

Vicente Pujana: sinadurak bio

Polizia etxean urtetan sinatu behar izan zuen Vicente Pujanak.

Trantsizio garaian
Trantsizio garain berriro ere afiliatu zen bai UGTra eta baita PSOEra ere nahiz eta baja emango zuen geroago. Bere alaba Julenek gogoratzen duenez Vicenteren harotsunik handienetakoa Maiatzaren 1eko manifestazioan pankartarekin kalera ateratzea izaten zen.

Vicente Pujana maiatzaren 1ean

Durangoko udalean berriz hartzeko eskaria ere egin zuen baina adinagatik ezin zuenez, pentsioa jaso zuen. Horretarako izapideak egitea ez zuen erraza izan, ordea. Garaiko Durangoko udaleko idazkariak ez zizkion horretarako erraztasunak jarri behintzat.