Victorio Etxaburu Isasi Durangoko Barrenkalen jaio zen 1918ko maiatzaren 26 batez. Zortzi senideko familia batean, Victoria Isasi eta Leon Etxaburu zituen gurasoak.

Oso gazterik Fundiciones y Talleres OLMAn hasi zen beharrean eta bertan, besteak beste, Juan Eskubi Urtiagaren ezagupidea egin ei zuen. Lantegi horretan ari zen beharrean kintetatik altxatu eta Bilbora eroan zutenean etxekoek ezer ez zekitela. Haren arreba Agapi Etxaburu izan zen etxekoen artean ikusiko zuen azkena. Bilbon ikusi zuen neba eta frentera zeroatela esan zion orduko hartan.

Geroztik Victorioren gutun bat jaso zuten etxean eta hortik aurrera isiltasuna. Victorioren heriotza ziurtatuko zuen ezelako jakinarazpenik barik, familiak beti izan zuen hilik ala bizirik egon zitekenaren kezka garratza. Haren ama Victoria Isasik urteetan eduki ei zuen etxeko atea zabalik Victorio noiz agertuko zain.

Registro Central de Fallecidos en Campaña (Bilbao, 1936-1937, Gobierno de Euzkadi, 413.) delakoan jasotzen denez, Victorio Etxaburu Isasi 1937ko maiatzaren 28an Amurrion hil zen frentean borrokan ari zela.