Durango 1936 Elkarteari buruz

agurrik gabeak

Durango 1936 kultur Elkartea 2007an sortu zen, askatasunaren eta Euskal Herriaren nazio-eskubideen alde faxismoari aurre egin zioten Durangaldeko herritarrei omen egiteko, euren borroka gogorra eta sufrimendu latza ezagutarazteko eta zor zaien ohorea aldarrikatzeko.

Durango 1936 Kultur elkarteak Egia, Justizia, Ordaina eta halako gizagabekeriak berriro inon ez gertatzeko aldarrikapenak egiten ditu.

Urte luzeetan isildurik eta lokazturik izan duten Egia kaleratu nahi dugu, hots, altxamendu faxistari aurre egin ziotela aldarrikatzen dugu.

Justizia eskatzen dugu. Lege eta epaitegi faxistek erabakitako zigorrak ezabatzea eskatzen dugu, epaitegi faxistek erruduntzat jo zituztelako, eta gaur egungo epaitegietan eta justizia-sisteman ere horrela jarraitzen dutelako, zigortuak eta euren izenak zikinduak.

Ordaina exijitzen dugu, herritarrei eta herriari egindako kalteen erreparazioa, alegia.

Halakorik inon berriro gerta ez dadin borrokatzen gara, giza eskubideak, askatasuna, herri eskubideak eta egiazko demokrazioa funtsezkotzat jotzen ditugu-eta.