Bart jakin dut Baltza hil dela. Bat-batean hil egin ei da. Hunkitu egin naiz; hunkitu eta samurtu. Baltzaren lekukotasuna jaso genuenean, ikara sartu zitzaidan soinburuetatik behatzetaraino, eta errai guztietan zabaldu zitzaidan izua. Birritan kontatu egin behar izan zuen gure aurrean bere bizitza, eta bere bizitzan zehar jaso zituen torturak.
Lehenengo aldian grabaketa egin ahal izateko, adosten eta prestatzen dugun gidoia egiteko. Bigarrenean grabaketa burutzeko. Zelako gogorra egin zitzaidan gizon ihar hari jasandako tortura anker eta basatiak grabaketa egiteko berriro kontaraztea!
Jaso ditugun lekukotasunak grabatzean sarri hunkitu naiz, torturak direla, errepresioaren ankerkeria dela edo ahaztura dela. Baina torturatu bati berak jasandakoa kontatzean begiak lausotzen zaizkiola ikustean, negarra sumatzean, nahiz eta kontatzen duena 40 urte lehenago gertatua izan… Ikarak hartzen zaitu, izuak irensten zaitu. Eta egiten ari zaren lana, lekukotasuna jaso, sastagira botatzeko gogoa datorkizu, egiten ari zarenaren balioa zalantzen jartzen duzu. Merezi ote du gizon edo emakume honi horrela sufriaraztea?
Baltza ez zuten behin torturatu, ezta bitan ere ez. Ezta hirutan. Ezta lautan. 6 edo 7 aldiz. Berak ere ez zuen nahi zenbatetan torturatu zuten zenbatzerik.
Ez dut uste Baltza bat-batean hil denik. Baltza apurka apurka hil dute. Baltzaren bizitza garraztu egin zuten. Baltzaren bizitza zitaldu egin zuten.
Gogoan dut grabaketaren ondoren elkartu ginenetako batean zera esan niola: ‘gogorra izatearen ospea dekok, baina eskerrak horri lortu dok bizi ahal izatea’. Agurtu eta gero, pentsatu nuen hainbaten bere bizitzaren ibilbideak gogortuko zuela Baltza, gogor arazi, alegia.
Lurra arina bekik, Baltza laguna! Besarkada hirekin dautzan guztientzat!
Andoni Barreña (Durango 1936 elkarteko kidea)