Luciano Iturrieta Mendizabalek, Durangon bizi zen arren, Eubako (Amorebieta-Etxano) jatorria zuen. XXXXX Villarrekin ezkondua, Adita Iturrieta Villar alaba izan zuten 1928an.
Trenbideetan lan egiten zuen makinista legez eta horretaz gainera sindikalista sozialista agerikoa ere bazen. Hain zuzen, bere jardun sindikalistaren ondorioz ezagutu zituen Bilboko kartzela-untziak 1934an. Hilabete batzuen buruan libre geratu eta bere beharrera itzuli zen.
Gerra urteteagaz batera frentera jo zuen bere idealen defentsan. Haren alaba Aditak gogoratzen du 1937ko martxoaren 31an, Durango bonbardatu zutela jakitean frentetik Durangora itzuli eta ama-alabak Eubara, bere senideen etxera, eroan zituela gerta zitzaiekeenaren beldurrez. Gero Durangora itzuli ei zen zaurituei laguntzera.
Bere militantzia agerikoaren zorrak emaztearekin kobratuko zituzten beldurrez, Lucianok ama-alabak Euban hartu eta emaztearen familiarekin eroan zituen Meré (Asturias) izeneko herritxora. Tropa faxisten aurrerrakada ikusita, emaztea eta alaba Frantziara ebakuatuak izan zitezen saiatu zen eta, azkenik, Ribadesellan (Asturias) lortu zuen itsasuntzi batean sartzea.
Hura izan zen Lucianok eta ama-alabek azkenekoz elkar ikusi zuten eguna.
Santoñan axtilotu eta Bilboko Larringako kartzelan eduki zuten. Epaiketan, kontrakoa zioten lekukoak izan arren, Durangoko kanposantuko fusilamenduetan ardura izatea egotzi zioten.
1939ko urriaren 13an fusilatu zuten Derioko hilerrian.