Alberto Barreña Montes, gure aitita, Salamancako Aldeadavila de la Riberan jaio zen 1888an eta Durangon hil zen 1971eko otsailaren 12an.
Zazpi urte zituela Hernanira heldu zen aitarekin, eta umezurtz geratu zen 14 urterekin. Gero gure amama izango zen Dolores Elizegi Iraolarekin ezkondu zen, eta Errenterin, Eibarren eta Elorrion bizi eta lan egin ondoren Durangora heldu ziren. Bertan 9 seme-alabeko senitartea osatu zuten.
Alberto Barreña Montes moldatzaile izan zen lanbidez eta Durangon aritu zenean Olman egin zuen lan, eta azkenerantz, Onenan.
Errepublikazale eta antiklerikala zen gure aitita, eta Izquierda Republicanako ekintzailea. Politikagintzako mingostasunak Errepublika-garaian ezagutu zituen, Nikolas Barreña bere semea gazte zelarik torturatu zutenean eta era bidegabean Durangoko Udaltzainburuaren heriotza egotzi ziotenean.
Altxamendu faxista gertatzean, Errepublikaren alde jarri zen eta garesti ordaindu ere. Senideekin Durangotik ihes egin zuen Santander aldera. Bertan bera eta Nikolas eta Francisco semeak preso hartu zituzten, baina emaztea eta sei seme-alabek Frantziara joan ziren ihes.
Kartzelan sartu zuten gure aitita. Hilabete batzuk egin eta gero etxera itzuli zen, baina bere seme Nikolasi buruz ez zuen ezer jakin harrezkero. Francisco, ostera, preso zegoen eta trabajadoreetan egon zen urteetan.
1943an berriro hartu zuten preso eta zenbait hilabete egin zituen kartzelan, nonbait, Errepublikaren aldeko oihuak egite arren.
1951ean, Durangon langileen greba-eguna egin ondoren, bere hiru seme, Francisco, Martin eta Jabier, desterratu egin zituzten, greba egite arren, eta kanpoan eman zituzten hainbat hilabete.
Aitita ahalegindu zen gure osaba Nikolasen egoera zein zen ezagutzen, baina ezer jakin barik hil zen.
Maitagarria izan zen gure aitita, sentibera, lagunen lagun, askatasunaren aldeko sutsua eta diktadura guztien aurkakoa.
Agur aitita maitea!