Berrizen jaio zen 1882ko ekainaren 6an. Patxi Urtiagak eta Ascension emazteak 7 seme-alaba izan zituzten. Felipe, seme nagusiak, Santanderreko Comillasen ikasketak egin zituen eta urteen bueltan itsas kapitaina egin zen. Celestina Arginzonizekin ezkondu eta hiru alaba izan zituen: Pilar, Maria Luisa eta Niceta. Itsasoko bizitzak herritik asko aldentzen zuelako, sozio batekin “The Soda Water” limonada fabrika zabaldu zuen Berrizen.
1931ko hauteskundetan, herriko 10 bozkatuenen artean zegoen eta alkate hautatu zuten, II Errepublikako lehen alkatea alegia. Bere alkatetza garaian eraiki zen Olakuetako frontoia eta ondoan egin ziren eskolak. Ordukoak dira, baita ere, Sarriko eta Uribeko auzo eskolak. 1934an dimititu egin zuen alkate legez, Madrileko gobernu zentralaren inposaketaren aurka. 1936ko hauteskunde demokratikoetan berriro aukeratu zuten alkate.
FELIPE errepublikarra izan zen, eta demokrazia eta Euskadiko Estatutua defendatu zituen bere bizitzako azken egunera arte. Udalaren sasoiko liburu aktetan ikus daitekeen legez, jakintsua eta ideietan aurrerakoia zen Felipe. Izquierda Republicanako kidea izan zen.
Gerra hasi zenean, berari egokitu zitzaion herriko Defentsa Komiteak antolatzea, Berriz gerra gunea izendatu arte Euskadiko Gobernuak. 1936ko azaroan amaitu ziren bere alkate zereginak, baina matxinatuak sartu arte, zinegotzi eta Ikerketa Batzordeko kide izan zen.
1937ko otsailaren 15ean Ramon Aldasoro Merkataritza eta Horniketa Sailburuak haragia erosi eta banatzeko batzordekide izendatu zuen. Berriz jausi zenean, beste askok legez, Bilbora alde egin zuen.