GREGORIO URKIJO ALBERDI 1887ko apirilaren 4an jaio zen Arakaldon (Bizkaia). Francisco Javier eta Franciscaren semea urteak aurrera egin ahala Bizkaiko Miñoietakoa egin zen, forala. Lehenengo Elgoibarko San Miguel auzora destinatu zuten. Han ezagutu zuen Katalina Juaristi. Berarekin ezkondu eta Markinara joan ziren bizi izatera, eta bertan jaio ziren euren seme-alabak. Laster, Gregorio BERRIZera destinatu zuten, eta bertan orain dela gutxi arte Udaletxea izan den etxean bizi izan ziren gerra hasi arte, bikotea eta bost seme-alabak: Gotzon, Iñaki, Sabin, Miren eta Jabier. Bizkaiko Foru Aldundiaren menpe zeuden sasoiko foralak, bideak zaintzen eta inguruetako segurtasunez arduratzen ziren.

1937an 128 lagunek osatzen zuten Miñoien taldea. Nazionalak sartu zirenean, 22k alde egin zuten Eusko Gudarostearekin. Frankistek Miñoien aurka prozesu bat zabaldu zuten eta ekainaren 28, 29, eta 30an atxilotuta zeuden 91 miñoi deklaratzera eraman zituzten “Arriaga Antzokia” presondegira. Horietako 44en aurka karguak aurkeztu zituzten, eta epaiketa militarra jasan behar izan zuten. Hogei minututan eta defentsarako abokatu barik, epaiketa militarrean hamarri heriotza zigorra ezarri zioten.

1937ko abuztuaren 4an Derioko hilerrian fusilatuta erahil zuten.