Bonbardaketaren erantzuleak auzitegietara eramateko adierazpen instituzionala

2016ko abenduaren 28an, Durango 1936 elkarteak bideratu eta Durangoko udalaren udalbatzaren gehiengoaren babesarekin (EAJ, EH Bildu, Herriaren Eskubidea eta PSE-EE) onartutako adierazpen instituzionalaren irakurketa egin zen Kurutziagako Memoriaren Espazioan.

Adierazpen instituzional horretan, besteak beste, udalak Argentinako kereilagaz bat egiteko asmoa adierazi zuen eta baita  Durango 1936 elkarteak dagokion epaitegietan abiatuko duen auzibidea babesteko konprimisoa ere.

(Argazkia: anboto.org)

 

Bonbardaketaren erantzuleak auzitegietara eramateko adierazpen instituzionala

2016ko abenduaren 28an zera onartu du Durangoko Udalbatzak:
 1.    Atxikitzea Buenos Aireseko 1. Epaitegian jarritako auzi-jartzeari, bonbardaketa faxistek eragindako hildakoak, zaurituak eta kalteak salatzeko.
 2.    Erraztea Argentinako auzi-jartzeari atxikitu nahi diren frankismoaren kaltetu durangarrei izapidea bideratzea, horretarako informazio eta aholku-bulegoa zabaldurik.
 3.    Laguntzea diruz eta lege-aholkularitza emanez Durango 1936 Kultur Elkartea, honek dagokion epaitegian bonbardaketen erantzuleen aurka jarriko duen auzi-jartzearen tramite guztietan.
 4.    Elkarlanean jardutea Durango 1936 Kultur Elkartearekin aipaturiko auzi-jartzerako beharrezko diren lekukotasunak jasotzen eta bideratzen.
 5.    Batzorde berezia sortzea Durangoko Udalaren babesean, datorren 80. urteurrenean Durangok jasan zituen bonbardaketak oroitarazteko antolatuko diren ekimen eta ekintza guztiak koordinatzeko, hori bai, faxismoaren kaltetuak edo errepresaliatuak izan ziren guztien ideologiak errespetatuz.