Durangoko Udalak kereila jarriko du 1937ko martxoaren 31ko, apirilaren 2ko eta 4ko bonbardaketen egileen aurka hemengo epaitegietan

Gaur, otsailaren 2an, 1937ko martxoak 31 batzordea bigarrenez bildu da Durangoko Udalean, Aitziber Irigoras alkateak zuzendurik. Alderdi politikoetako ordezkariez gain, hainbat herritarrek eta elkartek hartu dute parte, hala nola, Gerediaga Elkarteak, Aranzadik, Durango 1936 Elkarteak, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak eta Ongi Etorri Rojava–Kobane taldeak.

Alkateak proposaturik Udala izango da salatzailea hemengo epaitegian Durangok jasan zituen bonbardaketen arduradunen aurka, batzarrean parte hartu dutenek proposamena begi onez ikusi dute-eta.


Bestalde, Durango, Kobane eta Bartzelona hiri bonbardatuak senidetzea ere onartu da, beti ere Bartzelonak ondo ikusiko balu. Kobanek senidetzeko eskaria egina dio Durangori.


Horiez gain, 80. urteurrena oroitarazteko hainbat ekitaldi egiteko proposamen batu da, eta hurrengo batzarrean horiek taxuz nola egin erabakiko da.


Hurrengo bilera otsailaren 9an izango da, arratsaldeko 18:00etan.