Eugenia Aberasturi Oraindi: Izurtzako maistra

Eugenia Aberasturi Oraindirena bere ideologiagatik errepresaliatutako maistra baten historia da, baina ez hori bakarrik. Hainbat herritan aritu zen irakasle lanetan Eugenia baina luzeen izurtzako eskolan egon zen. Hogei urtez aritu zen Izurtza eskolak ematen eta bertan bizi zen, irakaslearen etxean. Aurretik, Burgosen, Derion eta beste herri batzuetan aritua zen.

1937ko martxoaren 31ko bonbardaketan abiazio faxistak hildakoen artean dago Luis Altuna Aberasturi, Eugeniaren semea.

(argazkiko marrazkia: Luis Altuna Ercillak 12 urterekin Baionan egin zuen. Amama Eugenia, ama Benedicta eta Luis bera ageri dira. Durango bonbardatu ostean Garaira bidean doaz, arri pausuen gainetik)

EUGENIA ABERASTURI ORAINDIri buruz dakigun apurra bere biloba Luis Altuna Ercillari egindako elkarrizketatik dakigu. Bermeotarra zen sortzez. Irakasle ikasketak egingo zituen ze, hari buruz daukagun hurrengo berria da Burgosko Cueva de Roa herrian maistra lanean zebilela haren semea, Luis Altuna Aberasturi jaio zenean.

Geroago Izurtzan aurkituko dugu Eugenia Aberasturi. Hogei urtez izan zen herriko eskolako maistra eta bertako irakasle etxean bizi izan zen. Etxe horretan jaio zen Luis Altuna Ercilla, Eugeniaren biloba 1925ean, han bizi baitziren semea eta haren emaztea, Benedicta Ercilla Oro. Semea eta erraina Durangora mudatu ziren haurrarekin eta bertara joango zen bizitzera Eugenia bera ere 1933an.

Haren biloba Luis Altuna Ercillaren hitzetan, Eugenia  errepublikarra zen ideologiaz eta oso kristaua, aldi berean.

1937ko martxoaren 31ko bonbardaketan semea hil zion Eugeniari abiazio faxistak. Luis Altuna Aberasturi ebanista zen eta Andra marin zeukan tailerrean harrapatu zuen bonbardaketak. Biharamunean, Eugenia Aberasturi, haren erraina, Benedicta Ercilla Oro, eta honen semea, Luis Altuna Ercilla Garaira abiatu ziren, Barrenku-Arnaga baserrian bizi ziren senide batzuenera. Durango bonbardatzen eta ametrallatzen jarraitu zuen abiazio faxistak hurrengo egunetan.

Artean ez zuen Eugenia Aberasturik horren susmorik izango baina bi urte igaroko ziren berriro Durangora itzultzerako. Garaitik Bermeora jo zuten eta han zeudela Gernikako bonbardaketarn lekuko izan ziren. Bermeotik Lutxanara eta handik Bilbora.

Azkenean, La Habana itsasontzian erbesteratu zen errainarekin eta bilobarekin batera. Lehenik Frantziara eta, ondoren, Ipar Euskal Herrira hurbildu ziren. Han pare bat urtez hara eta hona ibili ostean, 1939ko udan, II. Mundu Gerra lehertzear zela, Durangora itzuli zen Eugenia Aberasturi Oraindi maistra.

Durangon garaileen legea ezarria zen ordurako. Eugeniak Durangoko La Villako eskoletan maistratzan jardutea eskatu zuenean ukatu egin zioten bere konrako salaketa bat baitzegoen “por anticatólica y propagandista de ideas revolucionarias”. Bere biloba Luis Altuna Ercillak dioen moduan, “bermeotarra zen eta mingain bizikoa izango zen baina antikatolikoa… Izurtzako abadeak esanda, Eugenia izan zela 20 urtean egunera hutsik egin barik mezatara joan zen bakarra”.


 
Azkenean onartu zuten La Villako eskolan baina laster iritsi zitzaion jubilazioa. Etxean eskola partikularrak eman zituen gero, nahiz eta horretan ere inspekzioarekin arazoak izan.