Agustin Eskubi Urtiaga zenaren alaba elkarrizketatu du anboto astekakariak martxoaren 23ko alean. Habana itsasontziak Ingalaterrara eroan zuen Agustin Eskubi 16 urte zituela. Han bizi izan zen geroztik aurtengo martxoaren 12an zendu zen arte.
“Nire aita eta 8 urteko Nikolas bere anaia lngalaterrara bidali zituzten, Habana itsasontzian”
2018-03-23 09:30 Gizartea DurangoGerrako umea izan zen Agustin Eskubi Urtiaga (Durango, 1921-Ingalaterra, 2018). Anaia, Juan Eskubi Urtiaga, STVko eta ANVko kidea zuen, Durangoko defentsa batzordeko burua. Frankistek atxilotu eta heriotzera kondenatu zuten. 1938ko urriaren 24an fusilatuta hil zuten Derioko hilerrian. Agustin Ingalaterrara bidali zuten. Han egin zuen bizimodua eta hantxe eman zuen azken hatsa orain bi aste. Juanita Eskubi Burns (Farnborough, 1956) Agustinen alabak familiako zauriei buruzko gogoeta egin du.
Aitak martxoaren 31ri buruz zer kontatu zizun?
Aita meza-mutila zen elizan. Bonbardaketa amaitu zenean, jendeak gorpuak atera zitzakeela jakinarazi zuen herri guztian, danbor bat eskuetan. Era berean, jendea ateratzen ibili zen. Bere lagun asko hil ziren meza hartan. Aitak zioen berriro ikusi gura ez zituen irudiak zirela. Umeek eta haien egoerak hunkitu zuten gehien.
Zelakoa zen zure aita?
Azeria zen. Kontatu zuenez, bonbardaketaren ostean baloi baten tamainako txokolate zatia hartuta egin zuen ihes. Durangotik Deustura joan zen, osaba-izebengana. Irudimena erabiltzen zekien egoera zailetatik irteteko. Nagusitan ere bai. Gaztetan bere familiarengandik banatu zuten eta bizimodua bere aldetik egiten ikasi zuen.
Agustinek erbestea ezagutu zuen. Zelan heldu zen Ingalaterrara?
Aitak 16 urte zituen 1936-1937an, eta esango nuke bere amak barkuan sartu zuela, arazoetan sartu ez zedin. Pentsa amama Juanitaren egoera. Seme nagusia kartzelan, senarra kartzelan eta bi semegaz zegoen. Horrela, aita eta 8 urteko Nikolas bere anaia lngalaterrara bidali zituzten, Habana itsasontzian.
Zer topatu zuen Ingalaterran?
Mutil nagusiak Liverpooleko erreformatorio batera bidali zituzten, eta han ez zen gustura egon. Janari aldetik izugarria ei zen. Azkenean, nire aitak handik joatea erabaki zuen. Hegoaldera joan zen, eta han bikote ingeles bat ezagutu zuen. Familia honek etxean hartu zuen. Gizona zientzialaria zen eta emakumeak literatura irakasten zuen, Cambridgen. Ostean, nire ama ezagutu zuen eta ezkontzea erabaki zuen. Amak ere erbestea ezagutu zuen. Irlandako gosetetik ihesi joan zen Ingalaterrara.
Nikolas anaiagaz zer gertatu zen?
Umerik eduki ezin izan zuen bikote kuakero batek hartu zuen eta hezkuntza bikaina izan zuen. Harrow ikastetxean ikasi zuen. Bere ingelesa oso elegantea zen.
Bi anaiak noiz elkartu ziren?
Nikolasek soldadutza egin baino apur bat lehenago elkartu ziren. Bost urte egon ziren elkar ikusi barik, elizak oztopoak jartzen zituelako. Nikolasek uste zuen anaia nagusia beragaz ahaztu zela, baina urteekin konfiantza falta hori desagertu egin zen. 8 urteko ume bati zaila egin zitzaion egoera ulertzea. Nikolasek erizaintza ikasi zuen. Pentsa, Nikolas soldadutza egitera etorri behar izan zenean nire aitak erdaraz hitz egiten irakatsi behar izan zion. Nikolas euskaldun bategaz ezkondu zen Ingalaterran eta bikotekideagaz hona etorri zen gero.
Agustinek zure amagaz Ingalaterran gelditzea erabaki zuen?
1955ean Euskal Herrira etorri ziren. Irungo muga zeharkatzeaz batera, kartzelara sartu zituzten biak. Aitari iheslari izatea leporatu zioten. Gure aitaren belaunaldikoak bizirik irauten dakiten pertsonak dira. Hitz-jario handia zuen eta irtetea lortu zuen. Amari pasaportea kendu zioten eta jipoitu egin zuten. Hizkuntza ere ez zuen ulertzen. Gelditzeko asmoagaz etorri ziren arren, Ingalaterrara itzultzea erabaki zuten. Aitak aeronautikako ikasketak egin zituen eta uste zuen Euskal Herrian lana izango zuela, baina egoera ikusita erbestera joan ziren berriro. Nire amak erbesteratuaren ideia erromantiko bat zuen, baina hona etorri zenean errealitatea ezagutu zuen. Euskal Herrira egin zuten hurrengo bidaia 1969an izan zen, baina ordurako pasaporte britainiarra eskuratu zuten.
Zure amama Ingalaterrara bisitan joan zitzaizuen?
Gerra amaitu zenean, 1958an, erdara apur bat hitz eginez, Ingalaterraraino joan zen semeak bisitatzera. Frantzia zeharkatu eta barkua hartuta joan zitzaigun. Aita bere zain zegoen, portuan-edo, eta amama etxeko ateraino heldu zen. Ez dakigu zelan ere. Nire amak Anita esaten zidan, eta amamak berehala zuzendu zion, Juanita nintzela esanez, bere moduan. Nire ama koitaduak sekula ezin izan zuen nire izena zuzen ahoskatu.
Juan Eskubi, zure osaba, fusilatu egin zuten.
Bai, anaia nagusia aitaren idoloa zen. Etorri handiko pertsona zen. Nire aitak alde guztietatik jarraitzen zion. Aitak anaia zelan salatu zuten ikusi zuen, eta zelan eraman zuten atxilotuta. Gudaria eta sindikalista zela leporatu zioten. Derion fusilatu zuten.
Memoria historikoa behar beste landu da?
Gai honetaz gehiago berba egin behar da, historia delako. Eta Argentinara joan behar badugu horretarako, joan egingo gara. Historia gogorra da, beti. Baina, zauriak ixteko, min horretaz berba egin behar da.
Zu noiz etorri zinen Euskal Herrira bizitzera?
Nik ere, agian, Euskal Herriaren ideia erromantiko bat nuen. Erdaraz berba egiten ikasi nuen eta lizentziatu nintzenean Euskal Herrira etorri nintzen. Hemengo bizimodua gustatu egin zitzaidan eta hementxe gelditu nintzen. Euskaraz ikasten ere hasi nintzen.