1936ko Irailaren 25a: bonbardaketa eta fusilamenduak

 Laurogeita lau urte atzera, 1936ko irailaren 25ean faxisten hegazkinek lau bonba jaurti zituzten Durangon, horietako bat Ezkurdiko frontoian. Hamabi lagun hil zituen bonba horrek. Frontoian pilotan eta inguruan atseden hartzen ari ziren milizianoak eta errefuxiatuak izan ziren hildakoak. Tartean ez zegoen durangarrik. Hildako milizianoen kideek, mendekuz, Durangoko kartzela asaltatu eta preso zeuden hogeita bi durangar bertatik atera eta uriko kanposantuan fusilatu zituzten.

 

 

 

Iraganak baldintzatzen du oraina

Ugariak dira gertakari honen gaineko argi-itzalak. Areago, 1937ko martxoaren 31ko bonbardaketen kontrapuntu legez ere iraun du urte askoan, gertakari batek bestea baldintzatuko balu legez. Izan ere, kanposantuan fusilatutakoak, bonbek hildakoak ez bezala, durangarrak ziren eta, ustez, altxamendu faxistaren aldekoak izateagatik zeuden kartzelan. Gerora etorriko zen errejimenak batzuk goratu eta besteak ahazturara kondenatu zituen.

GERTAKARIAK

 Honela jaso zituen Jon Irazabalek “Gerra Zibila Durangaldean 1936-1937” liburuan:

 “Irailaren 25ean, goizeko hamaikak inguruan, Gasteiztik zetozen zenbait hegazkinek Durango bonbardatu zuten. Hegazkin horiek altxatutako militarren aldekoak ziren, eta lau bonba bota zituzten Durango gainean. Bonba horietako bat Ezkurdiko pilotalekuan erori zen. Pilotalekuan, miliziar talde bat eta Gipuzkoatik ihes egindako errefuxiatuak zeuden, atseden hartzen eta pilotan joklasten. Bonbak pilotalekuko alboko horman joz zuen horma zeharkatu era pertsonen artean egin zuen eztanda. 12 hildako eta zauritu asko eragin zituen. Hildakoak 18 eta 32 urte arteko gizonezkoak ziren, gehienak gipuzkoarrak. Beste bonbetako bat Marcos Unamuzaga sendagilearen soroan erori zen, eta gainerako biak tren geltokian."

 

Bonbardaketaren ondoren, miliziar talde bat, ziurrenez Juventudes Socialistas Unificadas (JSU) taldeko Rusia bataioiko kidez osatua, bonbardaketak eragindako heriotza eta mina ikusita, Ermodon zegoen kartzelara joan zen”.

Durango 1936-k jasotako lekukotzan, Santi Barrutia Bizkarguenagak bat egiten du Irazabalek bildutakoarekin. Santi Barrutiak gehitzen du sasoi hartan milizianook Neverseko mojen konbentuan zeudela akoartelatuta eta bertara jo zutela kartzelara jo aurretik armen bila.

 

 Edozelan ere, segi dezagun Irazabalek egindako kontaketarekin beste ertz batzuk argitzen hasi aurretik :

 “Miliziarrek, kartzela zaintzen zeuden guardiak gainditu ondoren, bertan atxilotuta zeuden 22 presoak atera eta hilerrira eraman zituzten. Bertan fusilatu zituzten, kanposantuko kaperaren ondoan, inolako epaiketarik egin barik. Fusilatuetako bat, Mario Zabala, bizirik aurkitu zuen oraindik Ambrosio Uriona garbitzaileak, hilerrira hildakoak lurperatzera joan zenean”.

 

KARTZELAKO ASALTOAN DURANGARREN PARTE-HARTZEAZ: ARRASTO BI

1936ko irailaren 25eko gertakari horiek denboraren lausoan bilduta legez iritsi dira gaurko garaiotara. Esan beharrik ez dago 1937ko matrxoaren 31ko bonbardaketak ezagunagoak direla gaurko durangarrentzat. Alabaina, garai hura bizi izan zutenengan, heldu zein ume, arrastoa utzi zuten irailaren 25ekoek. Gorago aipatu dugun moduan, behin altxamendu faxista nagusitu ostean, erregimenak fusilatuta hil zituztenak ohoratuko zituen. Santi Barrutia Bizkarguenagak dioen moduan, gaur egungo durangarrok Antso Estegiz Zumardia izenarekin ezagutzen dugun kalea (alde zaharretik kanposantura doana) Avenida de los Martires de la Tradición izendatu zuten haien omenez. Beti ere laprast egiteko arriskuarekin, baina esan daiteke fusilamenduok Durangoren herri-memoria erabat baldintzatu zutela. Ez zen, beste hainbat herritan bezala, irabazleek euren legea inposatu zutela bakarrik. Durangon, irabazleek bazituzten euren martiriak. Horra arrasto bat.

 

 

“Errudunengan” geratu zen beste arrastoa. Hainbat durangarren izenak agertu ziren kartzelako asaltoaren eta osteko fusilatzeekin lotuta faxistek egindako epaiketetan eta han-hemenka zabaldutako mezuetan. Galtzaileen bandoan egotea aski ez, eta etxekoren bati ezelako epaiketarik egin barik herrikideak fusilatzea leporatzea, atsegina ez izateaz gainera, gainetik kendu ezineko marka zen familientzat. Hamarkadak igarota ere, askoren kezka izan da argi gera zedila euren etxekoek ez zutela ekintzotan parte hartu eta, areago, gerta ez zitetzen saiatu zirela.

Juan Eskubi Urtiaga Durangoko Defentsa Batzordearen burua zen altxamendu faxistaz geroztik. Haren anaia gazteak, Agustin eskubik, orduan hamalau urteko gazteak (1922-2018) gogoan izan zuen beti anaia kartzelako asaltoa ekiditen saiatu zela. Juan Eskubi Urtiaga 1938ko urriaren 24an fusilatuta hil zuten Derioko hilerrian.

 

 

“Ni ez nintzen hemen egongo zure aitagatik izan ez balitz”

Badago anekdota bat, horrela deitzerik badago, Juan Eskubiri lotua. Jon Irazabalen liburuan jasota dator, eta Eskubi beraren semeak, Juan Marik ere testigantza bertsua eman zion Durango 1936 elkarteari. Arestian aipatutako miliziarrek, kartzelan harrapatutakoez gainera, Durangoko beste tradizionalista batzuk atxilotzen ere saiatu ei ziren. Horietako bat zen Antonio Iturralde, Mendizabalen fabrikan lanean ziarduena. Haren semeak, zazpi hamarkada beranduago telefono dei bat egin zion Juan Mari Eskubiri.

 

 

 “Paretik kentzen ez bahaiz heu ere eroango haugu aurretik”

Esteban Nikolas Barreña durangar gazte anarkista bat zen. Altxamendu faxista geratu eta berehala Malatesta batailoira batu zen. 1936Ko irailaren 25ean Durangon zegoen eta hainbat lekukok adierazi dutenez, kartzelako asaltoa gerta ez zedin saiatu zenetako bat izan zen. Denboragarrenera, errejimena ezarrita zegoela, Esteban Nikolasen izena kanposantuko heriotzekin lotzen saiatu zenik ez zen falta izan. Lucia Ganboak berTatik bertara ikusi zuen kartzela aurrean gertatutakoa, baita Esteban Nikolas ezagutu ere. “Paretik kentzen ez bahaiz heu ere eroango haugu aurretik”, esan ei zioten. 1937an, Santanderren preso hartu zuten faxistek Esteban Nikolas Barreña eta Sardineroko kontzentrazio esparruan sartu. Urte hartako urriaren 11az geroztik ez da haren berri gehiago izan.

 

 Ez dira goian aipatutako biak fusilamenduekin lotu zituzten durangar bakarrak, gehiago izan ziren gertatutakoaren ardurak egotzi zitzaizkienak. Durango 1936 Elkarteak jasotako testigantzetan inork ez du durangarrik identifikatu hogeita bi presoak kartzelatik atera eta kanposantuan fusilatu zituztenen artean. Eta ez gara “onen” eta “gaiztoen” arteko marra berri bat marraztu guran ari,  baina gertatuari, egia zor.

 

KANPOSANTUKO FUSILAMENDUAK

Jendetzak jarraitu ei zuen presoek eta haien zaindari miliziarrek osatutako ilara kartzelarik kanposanturaino. Egin kontu durangarrak zirela eta sasoi hartako durangon, gutxi-asko, mundu guztiak ezagutzen zuela elkar. Durango 1936 Elkarteari euren lekukotza eman dioten gehienak gaztetxoak, edo umeak ziren garai hartan eta oroitzapen biziak dituzte gertatutakoez. Ermodo kalean hasi eta kanposanturako bidea egin zuen segizioak bazuen, krudel gertatu nahi gabe, ikuskizunetik ere, artean heriorekin enkontrurik izan bako umeentzat.

 

 

Hamabi urteko mutil-kozkorra zen Alberto Barreña 1936ko irail hartan. Kanposantuko inguruak Alberto eta lagunen olgeta-eremu ohikoa ziren lehendik ere. Egun hartan alde zaharretik zetorren jendetzak erabat aldatu zuen euren olgeta. Ikusi zituen presoak eta miliziarrak iristen eta kanposantura sartzen. Barruan gertatutakorik ez zuen ikusi baina mutiko nagusiagoek bai, antza. Entzun, ostera, durango osoan entzun ei ziren deskarga hotsak.

 
ARGIAK ETA ITZALAK

Hogeita bi durangar akabatu zituzten ezelako epaiketarik barik, euren burua defendatzeko aukerarik barik. Ordu batzuk lehenago beste hamabi lagun akabatu zituzten era berean.  

Gehiago etorriko ziren berandu barik. Irailaren 25etik sei hilabetera hirurehundik gora Durangon bertan, martxoaren 31an. Frontean beste batzuk, eta ezelako bermerik bako epaiketen ostean beste hainbat, Durangoz haragoko kanposantuetako hormen kontra.

Esan dugu sarreran argi-itzal asko eragiten dituen gertakaria dela berbarako hartu duguna. Egia, justizia eta erreparazioa helburutzat dugunoi interesatzen zaigu gehien argia. Itzalak, esamesak eta egia-erdiak “bere historia” idatzita duenari bakarrik egiten dio mesede. Durangarrok eta gure erakundeak memoria historikoaren gaiari hain berandu heldu izanaren arrazoiak bilatzerakoan, pentsa liteke, beharbada, 1936ko irailaren 25eko gertakariek izan dezaketela zerikusik.

Hobe berandu, sekula ez baino.



Oh.: 1936ko irailaren 25ari buruzko lekukotza gehiago gure webgunean lotura honetan.

Esker onez:

Eskerrik beroenak Jon Irazabal Agirreri (Gerediaga Elkartea) urteotan Durango eta Durangaldeko memoria historikoaren alorrean egindako ekarpen itzelagatik eta bere eskuzabaltasunagatik. Haren bi liburu baliatu baititugu artikulu honen oinarri moduan ( “DURANGO 1937 martxoak 31-31 de marzo de 1937” Gerediaga Elkartea 2001; “GERRA ZIBILA DURANGALDEAN 1936-1937” Gerediaga Elkartea 2012).

Eskerrik asko, halaber, Durango 1936 Elkarteari euren testigantzak eskaini dizkieten lekuko guztiei. Asko eta asko gaur egun ez daude gure artean baina eurei esker dakig gehiago geure buruaz eta askatasunaren balioaz.