Datorren ostegunean, irailaren 3an, Maria Servini epaile argentinarrak Martin Villa, frankismoaren ministroa izandakoa, deklaratzera deitu du. Servini epaileak Martin Villari frankismoaren garaian gizateriaren aurka egindako hainbat hilketaren inguruko polizia jardueraren ardurak egozten dizkio, hala nola, Gasteizko 1976ko martxoaren 3koak, 1978ko San Ferminetako egindako erasoa, Euskal Herrian Amnistiaren aldeko II Asteako hilketarenak, eta Madrilen, Bartzelonan, Alacanten, Tenerifen, Malagan eta beste zenbait tokitan gertatutakoak.
Frankismoaren Krimenen Kontrako Euskal Plataformaren nahia da frankismoaren garaian gizateriaren aurka egindako hilketa eta gehiegikeria askoren arduradun nagusietako bat auzipetua izatea.
Horregatik, Martin Villak deklaratuko duen egunean, irailaren 3an, eguerdiko 12:00etan, Iruñako epaitegien aurrean elkartzera deitu du Frankismoaren Krimenen Kontrako Euskal Plataformak.
Martin Villak ondoko ardurak izan zituen frankismo garaian: Sindicato Español Universitarioko (SEU) burua; Sindicato Verticalaren idazkaritza orokorra; Gorteetako prokuradorea; Bartzelonako gobernadore zibila; Harreman sindikalen ministroa eta barne arazoetako ministroa.
Frankismoaren Krimenen Kontrako Euskal Plataformaren eta Coordinadora Estatal de Apoyo a la Querella Argentinaren (CeAQUA) nahia da diktadura garaian sortu, trantsizioan bermatu, eta gaurdaino heldu den zigorgabetasun lotsagarria amaitu dadila.
Garaia da gaurko erregimenak dituen akats eta hutsune demokratikoak alboratzeko. Garaia da azken urteetan askatasun demokratikoaren arloan, zigor legeriaren arloan eta espetxetako politikaren arloan izandako murrizketa lotsagarriak indargabetzeko.
Egia, justizia eta ordaina!