Gerediaga Elkartea eta Durango 1936 Kultur Elkartea gabiltza ikerketa lana egiten, Durangoko Udalaren babesarekin
Momentuz, lurperatuta dauden 82 izenetatik dozena bat ehortzitakoren familiartekoen erreferentziak aurkitu ditugu.
Durangok 1937ko Martxoaren 31n bonbardaketa handia jasan zuen. Ez zen bakarra izan, baina biktima gehien eta hondamendi handiena utzi zuen erasoa izan zen. Guztira, 336 biktima zuzen zenbatu ziren. Gehiago ere izan zirela baieztatu dezakegu, zeharkakoak kontuan hartu ezkero.
Erasoan hildakoak Durangoko kanposantura eraman ziren egunean bertan eta ostekoetan, eta asko hilobi komunetan lurperatu ziren.
2001.urtean Jon Irazabal Gerediaga Elkarteko historialariak 1937ko Martxoaren 31n izan zen bonbardaketari buruzko liburua idatzi zuen eta bertan hilobi komunetan ehortzitakoen zerrenda argitaratu zuen. Biktima horiei buruz, baina, ez dakigu gehiago ezer. 82 gizon-emakumeri buruzko erreferentzia bakarra izen-abizenak kasu batzuetan, edota txarrenean lurperatu zituzten garaiko plaken erreferentzia-zenbakia baino ez dira.
Orain, ehortzitakoak identifikatu eta gaur egungo familiarteko eta ondorengoak lokalizatzeko ikerketa lana hasi dugu bi elkarteok, Durangoko Udalaren babesarekin. Horretarako, Gogora Institutuak zabaldutako diru-laguntza deialdi batera ere aurkeztu dugu egitasmoa. Hiru hilabeteko egitasmo xumea izango da, eta amaieran aurkitutako senitartekoekin topaketa egitea ere bada asmoa. Izan ere, bonbardaketen ondorioz Durangoko kanposantuko hobi komunetan ehortzitakoei gune duina atontzeko aukera zabaldu daitekeelako. Gaur gaurkoz, dozena bat senitartekoren erreferentziak eskuratu ditugu, hilabeteko bidea egin duen ikerketan. Zentzu horretan, Durangoko Udalak hobi komun horien kokapena identifikatzeko eskaera ofiziala egin zion uda aurretik Gogora Institutuari.
Inork ehortzitakoren baten gaineko informaziorik izango balu ikerketa burutzen gabiltzan elkarteekin harremanetan jartzeko deia luzatzen dugu (harremanetarako eposta: gerediaga@gerediaga.eus ).