Durangoko Lehen Auzialdiko eta Instruzioko 3. Epaitegiak tramitera onartu du gaur Durangoko Udalbatzarrak, 1937ko Martxoaren 31ko Batzordearen izenean, hiriak 1937ko martxoaren 31n, apirilaren 2an eta 4an jasan zituen bonbardaketen eta metrailaketen egileen aurka jarritako kereila.
1937ko Martxoaren 31 Batzordeak begi onez ikusi du kereila tramitera onartzea, horrela atea zabaltzen baitzaio ikerketa judizialari biktimei eta kaltetuei zor zaien egia, justizia eta ordaina eskuratzeko.
Herenegun, uztailaren 18an, Durangoko Udalbatzarrak kereila jarri zuen 300 hildako baino gehiago eragin zituzten bonbardaketak eta metrailaketak gauzatu zituzten 46 abiadore italiarren aurka, ekintzok gizateriaren aurkako krimentzat jota. Kereila tramitera onartzeak salatutako ekintza kriminalen ikerketa judizialari bidea irekitzea dakar, eta hauxe izan da 1937ko Martxoaren 31ko Batzordearen helburu nagusietako bat.
Haatik, 1937ko Martxoaren 31 Batzordekideek gure konpromezua eta borondatea berresten dugu lanean elkarrekin jarraitzeko eta beharrezko frogak biltzeko Italiako Gobernuak Aviazzione Legionaria delakoak gizarte zibila helburutzat zuela onar dezan, berau hiltzeko, suntsitzeko eta ikaratzeko asmoarekin.
Amaitzeko, gogorarazi nahi dugu tramitera onartu den kereila hau Anaïs Franquesa abokatu katalanak idatzi duela, eta antifaxista italiarren Altra Italia elkarteak hegazkiteria italiarrak Bartzelonan 1937an eta 1939an eginiko bonbardaketa hiltzaileen aurka jarritako kereilarekin bat egiten duela, zeinek atea ireki duen Espainiar Estatuan faxismoren krimenak epaitegietan ikertzeko.
1937ko martxoaren 31ko batzordea
Autoaren agiria pdfn: http://durango1936.org/media/AUTO_ADMISION_-_izenak_ezabatuta.pdf