Bonbaketen eta metrailaketen egileen aurkako kereilaren aurkezpena

 

Kaixo durangarrok

Eskutitz honen bitartez gonbitea egitera gatozkizue, Martxoak 31 Batzordeak uztail honen 18an Durangoko Udaletxeko Areto Nagusian goizeko 11:00etan egingo duen prentsaurrean parte hartu dezazuen.
Prentsaurre horretan Martxoak 31 Batzordeak 1937ko martxoaren 31an, apirilaren 2an eta apirilaren 4an Durangok jasan zituen bonbaketen eta metrailaketen egileen aurkako kereilaren aurkezpena egingo du: helburuak, arrazoiak, argudiaketa eta justifikazio juridikoa.

Ondoren, egun bereko 12:00etan elkarretaratzea egingo da Ezkurdin, 5 minutukoa. Jarraian kereila Durangoko Udalbatzarraren izenean epaitegian sartuko da.


Jakingo duzuenez, bonbaketa eta metrailaketa horiek 300etik gora hildako, ehundaka zauritu, hamaika etxe eta eraikin birrinduta edo kaltetuta eta herritar guztiak ikaratuta utzi zuten. Zalantzarik gabe, ekintza hori gizateriaren aurkako krimena izan zen, preskribitzen ez denetakoa.


Martxoak 31 Batzordea Durangoko Udalbatzarrak, alkateak eta zinegotziak, Durangoko alderdi politikoak eta Durangoko hainbat herri-elkartek osatzen dugu, hala nola, Gerediaga Elkarteak, Ongi Etorri Errefuxiatuak-ek, Kriskitin Dantza Taldeak, Ongi Etorri Kovanêk, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Durango 1936 Kultur Elkarteak; eta zabalik dago eta egon da edozein herri-elkartek edo herritarrek parte hartu dezan.


Ekimen honen garrantziaz ohartuta zure elkarteari gonbite berezia egiten diogu uztailaren 18an antolatu diren prentsaurrera eta elkarretaratzera etorri dadin, eta elkarte-kideei gonbitea luzatu diezaien.


Bestalde, aurreratu nahi dizuegu behin kereila onartuez gero, ekimen berria abiaraziko dugula Durangoko herri-elkarteak herri-salatzaile legez kereila horretan parte hartu dezaten.


Eskerrak aurretik adieraziz, adeitasunez agurtzen zaituztegu.


Durango 1936 Kultur Elkartea, Martxoak 31 Batzordearen izenean