Faxistek fusilatutako zornotzarrei omenaldia

Senideak antolatu dira Zornotzan orain 80 urte faxistek fusilatu zituzten euren arbasoei omenaldia egiteko, merezi zuten omenaldia egiteko, herritarren aurrean Zornotzan egundo egin ez zaiena.


Antza, lau izan ziren faxistek fusilatu zituzten zornotzarrak: Luziano Iturrieta Mendizabal, Bonifazio Ormaetxe Aldana, Leon Urtiaga Elezburu edo Aita Roman eta Zezilio Zabala Arizmendiarrieta.

Omenaldia hunkigarria izan da, eta xumea. Zornotzako hilerrian bildu dira eta bertan fusilatuen eta senideen hitzak irakurri dituzte. Batetik, Iturrietak fusilatu baino lehen idatzi zuen azken eskutitzaren zatitxoa. Bestetik, Ormaetxearen anaiak idatzitako bi poema, arrabitaren musikaz lagundurik. Ondoren, ohore-aurreskua eta lore-eskaintza.
Luziano Iturrieta Mendizabal Euban jaio eta Durangon bizi izan zen. Tren-gidaria, sozialista, eta sindikalista ere izan zen. 1939ko urriaren 13an Derion fusilatu zuten.


Bonifazio Ormaetxea Aldana Boroan jaio zen eta EAJko Etxanoko lehen lehendakaria izan zen, eta gerran Zornotzako defentsa-komitekoa. Derion fusilatu zuten 1937ko abuztuaren 9an.


Zezilio Zabala Arizmendiarrieta ere Amorebietakoa zen eta STVko kidea. Derion fusilatu zuten 1937ko irailaren 9an.
Leon Urtiaga Elezburu Zaldibarren jaio zen. Laster, fraile karmeldarra egin zen eta Zornotza zegoen faxistak sartu zirenean. Larreako komentuaren hormaren kontra fusilatu zuten 1937ko maiatzaren 19an.
Agur eta ohore!