1937ko maiatzaren 1eko FOTOS aldizkariaren azalak Espainia Durangon sartu zela zioen, apirilaren 28an jausi baitzen Durango faxisten eskuetan. Durango 1936 Elkarteak jaso dituen lekukotasunen artetik bakarrean egiten da berba tropa faxistak Durangora sartu zirenekoaz. Martxoko bonbardaketen ostetik apenas baitzuen biztunik Durangok. Purificación eta Juanita Etxaburu Isasi ahiztak hiru bat aste Maumako baserri batean egon ostean Durangora itzuli ziren familiarekin Francoren tropak urian sartzen ari zirenean.
Aitak jasotako mehatxuak eta atxiloketa, Francoren moroen presentziaz eta etxez etxeko arpilatzeaz badute zeresanik Purificacionek eta Juanitak.
Durangora sartzen
Purificación eta Juanita ahiztek Maumako baserri batean igaro zituzten Durangoko bonbardaketa osteko egunak beste lau neba-arreba eta gurasoekin batera. Apirilaren amaieran Durangora itzuli ziren eta herrirako sartzea "Francoren Moroekin" batera egin zuten. Durangora iritsi eta biharamunean aita atxilo hartuta eroan egin zuten.
"Francoren Moroen" beldurrez
Mairuen presentziak ezinegona sortu ei zuen Durangon. Purificacionek eta Juanitak kasu konkreturik gogoratzen ez duten arren, mairuekin lotutako bortxaketen zurrumurruak presente zeuden. Arrazoi horregatik ahizta nagusia Durangotik Portugaletera bidali zuten gurasoek.
"Karlistonak" etxerik etxe lapurretan
Tropa faxistak sartu berritan biztun gutxi zituen Durangok. Egoera hori baliatu zuten Durangon geratu ziren zenbaitek, inpunitate osoz inoren etxean sartu eta ahal zuten guztia eroateko. Purificacion eta Juanita, garai hartan umeak izaki, lapurreton lekuko zuzenak izan ziren.
Behartutako lanak: agintari berrien etxeak garbitzera
Purificacion eta Juanitaren ahizta nagusia Durangoko agintarien etxeak eta egoitza ofzialak garbitzera derrigortzen zuten beste hainbatekin batera trukean ezer jaso gabe.