Rosario Mendibe Atxurra: Batzokiko ikastolako ikaslea

Rosario Mendibe Atxurrak egingo du aurtengo bonbardaketaren oroimen ekitaldiko lore eskaintza. Rosario Batzokiko ikastolara joan zen umeetako bat izan zen. Altxamendu faxistak eten zuen ikastolaren ametsa baina ez hori bakarrik. Rosariok zuzenean ezagutu zituen galtzaileen bandoan suertatzearen saminak. Etxetik ihes egin behar lehenengo eta bueltan etxerik ez; aita fusilatu zutelakoan, hildakotzat (bizirik zegoen, trabajadoreetan Extremaduran), amaren neba bi kartzelan… Eta eskola frankistan euskaldunekiko giro errepresibo eta zigortzailea. 

Batzokiko ikastola

1935eko urriaren 28an zabaldu zen ikastola Ezkurdiko Tabira antzoki-zinema eraikinean. Genoveva Leibar eta Felisa Arretxaga izan ziren irakasleak eta guztira 70 eskolaumek hasi zuten ikasturtea eta promozio horretakoa izan zen Rosa Mendibe Atxurra durangarra.

Martxoaren 31ko bonbardaketa

Bonbardaketaren garaian Iurretan bizi ziren Rosario eta familia. Gogoan du abiazio italiarraren bonbardakatek eragindako beldurra eta burrunba baina, suertez, bere inguruan ez zuen hildakorik eragin. Ahaztu ezin duena ordea bonbardaketaren ostean aitarekin Durangoko alde zaharra gurutzatu izana eta horrek eragindako beldurra da.

Iurretatik Bilbora

Bonbardaketare ostean, apirilaren 26a arte geratu ziren Iurretan Ropsario eta familiakoak. Egun horretan faxistak Durangora sartzear zirela eta etxea utzi eta abiatu egin ziren. Zornotzan Gernikako bonbardaketatik zetozen zaurituak ikusi izana gogoan du Rosariok.

Bilbotik Santanderrera eta berriz etxera

Aita gudariekin borrokatzera eroan zuten, beraz Rosario, ama eta bost neba arrebak Bilbo bonbapean zela, Kantabria aldera abiatu ziren. Hasieran hango herritarrek barre egiten zieten hegazkinak ikustean izutu egiten zirelako. Bertan ere bonbardaketak izan zirenean ulertu zuten Rosarioren izuaren zergatia.

Faxistak Santander hartu zutenean etxera itzultzeko bidea hasi zuen Rosarioren familiak. Iurretako etxeko teilatuko teila beste bati emana zion etxeko jabeak eta etxerik barik geratu ziren itzultzeaz bat. Hori gutxi ez eta amari esana zioten senarra Lemoatxen preso hartu eta fusilatu egin zutela (1936ko irailaren 25ean Durangon izandako fusilatzeekin lotu gura izan zuten).

Eskola frankista eta errepresio giroa

Batzokiko ikastolan ikasitakoa izanik, Durangora itzuli eta La Villako eskoletan hasi zeneko akordu saminak ditu Rosariok. Erderaz ez jakiteagatik zigortuta, Auxilio socialeean ere jateko "Cara al sol" kantatu beharra, lagun baten amaren desprezioa… Garai gogorrak galtzaileen bandoan egoteko.

Rosario Mendibe Atxurraren bideo gehiago hemen.