Proiektu honen helburua ahotsik izan ez dutenei ahotsa eskaintzea da, faxismoaren errepresio latza jasan duten herritarrei eta euren senideei hitza ematea, alegia. Heriotza, kartzela, erbesteratzea, iraina, zigorra, desjabetzea, errepresioa, sufrimendu eta ahanztura bizi izan dutenei, senideei eta lagunei euren bizipenak eta sentimenduak azaltzeko aukera emateko asmoz bideratu nahi dugu egitasmo hau.
Ez dugu historia ofizialik egiteko asmorik. Herri historiatik bizi izandako kontakizuna jaso nahi dugu faxismoren mina eta kaltea jasan dutenen bizipenen eta oroimenen bidez.
Ahanztura ezagutu dutenen kontakizuna egiten lagundu nahi dugu. Faxismoari aurre eginez, askatasunaren, errepublikaren eta euskal herriaren nazio-eskubideen alde egitearren agurtu gabe joan diren herritarren oroimena ekarri nahi dugu hona.
Badakigu, jakin ere, eraikiko dugun kontakizuna eta jasoko ditugun lekukotasunak faxismoak Durangaldean e(ra)gindakoen partea baino ez direla. Badakigu izen eta historia asko falta direla. Baina holakorik ez da gertatu nahita, guk nahita behintzat. Gure ekimenak baditu bere mugak. Hemen azken 10 urteetan bildutakoa laburtu egin dugu. Hala ere, helburu honen euskarri nagusia webgunea izango da, bertsio berriak etengabe jaso dezakeen webgunea. Badu, beraz, proiektu honek ahanztura hausten jarraitzeko asmorik, beharrik.
Edozelan ere, akatsak eta errakuntzak gureak dira, eta zoritxarrez, halakoak ere izango dira. Bihoa, aurretiaz gure barkamen-eskaera eta gure konpromisoa egin behar diren aldaketak web-gunean jasotzeko. Hala ere, kontuan izan behar da hemen bildu diren lekukotasunak eta informazio guzti-guztia lan boluntarioari zor zaiola, euren denbora librea oroimen historikoa berreskuratzeko jardunean aritu diren lagunei, alegia.
Eskerrik asko lagundu diguzuen guztioi: lekukotasunak ematen, bizipenak kontatzen, errepresaliatuak identifikatzen, babesa eskaintzen, kritika eraikitzailea egiten, diruz laguntzen, ametsak ehuntzen eta gure historiaren parte hau ahanztura kolektibotik berreskura daitekeela gurekin batera amets egin duzuenoi.