Albisteak

Martxoaren 31 gogoan. Luis Altuna Ercilla.

Laster beteko dira 80 urte martxoaren 31ko bonbardaketaz. Durango 1936 Elkarteak, webgune honen bitartez, zoritxarreko egun horretaz jasotako testigantzak nabarmenduko ditu datozen egunotan. Asko eta askotarikoak dira kontaketok eta gertakari berberaren ikuspegi poliedriko bat osatzen laguntzen dutelakoan gaude.

Luis Altuna Ercillarena da albiste honetan ikusi eta entzun ahal izango duzuna. Zehaztasun eta xehetasun harrigarriz hornituta kontatzen du Luisek 1937ko martxoaren 31ko hartaz duen akordua.

Kafesneak heriotzatik salbatu zuen emakumea

Monika Uribarrena zuen izena eta Oromiñokoa zen, Herreruena esaten zioten baserrikoa. Jose Martin Erdoiza senarrarekin batera Durangoko Batzokiko tabernaren ardura zeroan. Biztanlegoaren aurkako bonbardaketa batean hilik ala bizirik suertatzea zori kontua bada berez, zorionekoa izan goiz hartan Monika Uribarrena: kafesne batek salbatu zuen heriotzatik.

Nicolas Itxaso Orobiourrutia: erbestean hil zen palista abadiñarra

Nicolas Itxaso Orobiourrutia abadiñarra palista profesionala zen. Bilboko Euskalduna frontoian hasi zuen profesional ibilibidea 1932an. Bolada batez Madrilen aritu ostean, Bartzelonako Novedades frontoian ari zen altxamendu faxista gertatu zenean. 1937ko irailean jokatu zuen azkeneko partida palista profesional legez.

Bartzelona faxisten esku erortzear zela mugaz beste aldera pasatu zen Nicolas beste herritar asko legez. Frantziako gobernuak gerratik ihes zetozenentzat ganora barik atondutako errefuxiatu eremuetako batean, Saint Cyprienekoan, sartu zuten. Han gaixotu eta Perpignaneko ospitale batean hil zen 1939.eko martxoaren 16an.

Eugenia Aberasturi Oraindi: Izurtzako maistra

Eugenia Aberasturi Oraindirena bere ideologiagatik errepresaliatutako maistra baten historia da, baina ez hori bakarrik. Hainbat herritan aritu zen irakasle lanetan Eugenia baina luzeen izurtzako eskolan egon zen. Hogei urtez aritu zen Izurtza eskolak ematen eta bertan bizi zen, irakaslearen etxean. Aurretik, Burgosen, Derion eta beste herri batzuetan aritua zen.

1937ko martxoaren 31ko bonbardaketan abiazio faxistak hildakoen artean dago Luis Altuna Aberasturi, Eugeniaren semea.

(argazkiko marrazkia: Luis Altuna Ercillak 12 urterekin Baionan egin zuen. Amama Eugenia, ama Benedicta eta Luis bera ageri dira. Durango bonbardatu ostean Garaira bidean doaz, arri pausuen gainetik)

Benita Uribarrena Bollain: durangar erresistentea

Benita Uribarrena Bollain Le Soler-en (Ipar Katalunia) hil zen 2011.eko urriaren 12an. Sortu ordea, Durangon sortu zen 1922ko martxoaren 16an. Bi data horien artean borroka, konpromisoa eta duintasuna batzen dituen emakume baten eta familia oso baten historia dago.

Hamabost urte zituen Benitak martxoaren31ko bonbardaketaren ostean Durango ebakuatu eta Frantziara erbesteratu zenean. Beste euskaldun asko legez La Habana itsasuntzian iritsi zen Frantziara 1937ko ekainaren 2an. Gerra bat atzean utzi eta beste batekin egingo zuen topo laster: II. Mundu Gerrarekin. Militante komunista izanik, nazien okupazioaren aurkako erresistentzian eta erresistentzia antifrakistan buru-belarri murgildu zen bere bizia arriskuan jarriz.

Benita Uribarrenarena argitara ekarri gura dugun durangar erresistente baten historia da.

Durangoko Udalak kereila jarriko du 1937ko martxoaren 31ko, apirilaren 2ko eta 4ko bonbardaketen egileen aurka hemengo epaitegietan

Gaur, otsailaren 2an, 1937ko martxoak 31 batzordea bigarrenez bildu da Durangoko Udalean, Aitziber Irigoras alkateak zuzendurik. Alderdi politikoetako ordezkariez gain, hainbat herritarrek eta elkartek hartu dute parte, hala nola, Gerediaga Elkarteak, Aranzadik, Durango 1936 Elkarteak, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak eta Ongi Etorri Rojava–Kobane taldeak.

Vicenta Garnika Laserna: durangar bat Durangoko emakumeen kartzelan

Durango 1936 elkarteak jaso dituen testigantzetan durangar bakarra agertzen da Durangoko emakumeen kartzelan preso egondakoa: Vicenta Garnika Laserna.

Vicenta Haron (Errioxa) jaio zen. Erditzean ama hil zitzaion eta, handik hiru urtera, aita berriro ezkondu zenean Vicenta Durangora ekarri zuten izeko batekin bizitzera. Baliteke sortzez Harokoa izate hori izatea, hain justu, Durangoko emakumeen kartzelan egon izanaren arrazoia, normalean presoak ez baitzituzten etxetik hain gertu edukitzen.

Vicenta Garnika Laserna Mendizabalenean (Hijos de Mendizabal) errelebotara lanean ari zen 1936ko altxamendu faxistaren garaian. UGTko afiliatua eta sozialista zen.

1937ko martxoaren 31 batzordearen eraketa

Gaur, urtarrilaren 25ean, 1937ko martxoaren 31 batzordea eratu da Durangoko Udalak bultzaturik. Batzorde honen eraketa Durangoko Udalak 2016ko abenduaren 28an eginiko erakunde-adierazpenaren emaitzetako bat da, zeinetan Durangok jasan zituen bonbardaketak oroitarazteko antolatuko diren ekimen eta ekintza guztiak koordinatzeko Udalaren babesean batzorde berezia sortzea erabakitzea aldarrikatu zen, besteak beste.

Bonbardaketaren erantzuleak auzitegietara eramateko adierazpen instituzionala

2016ko abenduaren 28an, Durango 1936 elkarteak bideratu eta Durangoko udalaren udalbatzaren gehiengoaren babesarekin (EAJ, EH Bildu, Herriaren Eskubidea eta PSE-EE) onartutako adierazpen instituzionalaren irakurketa egin zen Kurutziagako Memoriaren Espazioan.

Adierazpen instituzional horretan, besteak beste, udalak Argentinako kereilagaz bat egiteko asmoa adierazi zuen eta baita  Durango 1936 elkarteak dagokion epaitegietan abiatuko duen auzibidea babesteko konprimisoa ere.

(Argazkia: anboto.org)