1937ko maiatzaren 7ko Eguna egunkariak azalean zekarren Habana eta Goizeko Izarra itsasuntziak Santurtziko portutik atera zirela bezperan bi milatik gora ume eta mila emakumerekin Bordele aldera. Faxisten ejerzitoak aurrera egin ahala asko eta asko izan ziren erbestera bidea hartu zuten euskaldunak, Santurtziko portutik lehenengo, eta Santanderretik edo Asturiasko portuetatik ere geroago.
Durango 1936 Elkarteak elkarrizketatuetako askok hartu zuten, ezinbestean, bide hori. Frantziara, Belgikara, Ingalaterrara… ugariak izan ziren, kasu gehienetan ume ziren, lagunon helmugak. Euretako askok ez zekiten nora zihoazen ere. Batzuk familia ia osoak ziren. Beste kasu batzuetan neba-arrebak banandu egin zituzten… Batzuk gerra bukatu aurretik itzuli ziren euren herri eta etxeetara. Beste batzuk urteak egin zituzten erbestean eta bakarren bat ez zen egundo itzuli.